0-1 bukatu zen azkenean durangaldeko derbia Patxik 27. minutuan buruz sartutako gol bati esker. Bi taldeak ere grina handiz zelairatu ziren eta golaren bila joan ziren hasiera-hasieratik. Abadiñok izan zuen lehen aukera argia baina huts egin zuen eta pare bat minutura Iurretakok partida erabakiko zuen gola sartu zuen. Bigarren zatian abadiñarrak saiatu ziren partida berdintzen baina ezin izan zuten golik egin.
Bikain eta erdipurdi
Izugarrizko denboraldia egiten ari da Iurretako eta joan den asteburuan ere argi utzi zuen lurraldeko lehentasunezko mailara igotzeko moduko taldea dela. 60 puntu dituzte eta 61 ditu lehen postuan dagoen Mungiak. Larrako-zelain zein handik kanpo bederatzina partidu irabazi dituzte eta galdutakoak guztira lau baino ez dira. Asteburuan hamaikagarren postuan dagoen Etxebarriren kontra jokatuko dute iurretarrek Larrako-zelain.
Abadiñorentzat berriz, gauzak ez daude hain ondo. Azken aurreko postuan daude eta asteburuan galdu izanak ez die batere onik egin. Hogeita bost puntu dituzte soilik eta Astolan jokatu dituzten partidetatik bi baino ez dituzte irabazi. Defentsan hobetu beharreko hainbat gauza dituzte abadiñarrek eta lurraldeko bigarren mailara ez jaisteko irabazi egin beharko diote asteburuan lider dagoen Mungiari.