Ez dute edozelako lana egin Durangaldeko hiru txirrindulariek. Nazioartean ere hemen inguruan ibiltzen diren maila berean ibili ahal dutela frogatu digute, eta ez da gutxi. Cespa Euskadirekin pistan aritu dira Palma de Mallorcan; Espainiako Txapelketan eta Munduko Txapelketan ere parte hartzeko aukera izan dute Eneritz Iturriagaetxebarriak eta Iban Leanizbarrutiak. Ez dituzte urrezko domina gehiegi irabazi, baina lan nabarmena egin dute eta pozik egoteko moduan dira.
Eneritz Iturriagaetxebarria abadiñarra da eta 27 urte ditu. Txikitan hasi zen kirol honetan, eta Euskal Herria txiki geratu zitzaion segituan. Domina asko irabazi izan ditu orain arte, eta hemendik aurrera ere horretan jarraitzeko asmoa du. Cespa-Euskadi taldearekin ari da aurten eta Los Angeleserako bidaia izan zen bere lehen erronka. Munduko Txapelketan lehiatu zen han, Leire Olaberria eta Unai Elorriaga taldekideekin batera. Debut ona egin zuen bere lehen proban. Home Depot Center belodromoan jokatu zen Munduko Kopako hirugarren proba, eta parte-hartzea handia izan zen: 333 txirrindulari (106 emakume eta 227 gizonezko). Guztira, 46 selekzio eta 29 UCI taldek parte hartu zuten.
Osasun arazoak eta esperientzia faltak ez zioten debut ona galarazi Abadiñokoari, lan bikaina egin baitzuen: Scratch-eko finalerako sailkatu zen eta puntuazioan ere gogor ibili zen, nahiz eta sailkapenik ez lortu. Los Angelesetik Espainiako Txapelketara joan zen Eneritz. Palma de Mallorcan jokatu zen eta Durangaldeko hiru txirrindulariak joan ziren. Guztira, 88 txirrindularik hartu zuten parte (15 emakume eta 73 gizon). Eneritzek lan bikaina egin zuen bere taldekide Leire Olaberriaren mesederako. Profesionaltasun handiz jokatu zuen abadiñarrak eta puntuazio proban izugarrizko maila erakutsi zuen Leireren sprintak prestatzeko orduan. Jarraipen proban bosgarren sailkatu zen, eta zazpigarren puntuazio eta scratch probetan.
Martzel Elorriaga 20 urteko zaldibartarrak ere parte hartu zuen Espainiako Txapelketan. Europan, Espainian eta Euskadin txiki-txikitatik lehiatu izan den kirolaria dugu, eta Palman ere argi utzi zuen bere maila bikaina. Scratcheko proban honek ere profesionaltasun handiz lagundu zion taldekide duen Berrizko Iban Leanizbarrutiari, eta bere garaipena ahalbidetu zuen. Taldekako jarraipeneko proban brontzezko dominarako klasifikatzea lortu zuen eta puntuazio proban merezitako urrezko domina irabazi zuen. Zortzigarren sailkatu zen jarraipen proban eta laugarren taldekakoan. Iaztik aurrerapen bikaina izan duen txirrindularia dugu Elorriaga, eta arduradunek datorren urtean garapen handia izango duela aurreikusi dute.
Iban Leanizbarrutia berriztar gazteak ere ez zuen lan makala egin Palman. Junior mailan hasi zen garaipen garrantzitsuak eskuratzen, bai Espainian bai Euskal Herrian. Palman lan bikaina egin du bi urte amateur mailan igaro ondoren. Scratchean urrezko domina erdietsi zuen, Elorriagaren laguntzari esker, eta brontzea eskuratu ahal izan zuen Kilometro CRI eta Keirin probetan. Garapen izugarria izan duela erakutsi zuen Leanizbarrutiak eta pozik agertu zen egindako lanarekin. Palman dominaz josi ondoren Ballerüpera joan zen, Eneritz Iturriagaetxebarria abadiñarrarekin eta beste taldekide batzuekin. Lehen jardunaldian abadiñarra saiatu zen eta irteera indartsua egin zuen scratch proban baina azkenean hamabosgarren postuan bukatu zuen. Ibanek debuta egin zuen Munduko Kopan eta laugarren sprinta irabazi zuen, baina ez zen finalerako sailkatu. Bigarren jardunaldian Durangaldeko txirrindulariak saiatu ziren baina euren taldekide den Leire Olaberriak soilik lortu zuen finalerako txartela.
Dena dela, hirurek ere lan bikaina egin dute nazioartean eta sakrifizioaren isla direla erakutsi dute proba guztietan.