One Wall txapelketan pausu berri bat emango dute euskal selekzioko hiru pilotarik asteburuan. Italiara doaz Egoitz Amantegi abadiñarra, Ander Martin mallabitarra, Aitor Erauzkin eta Ander Elezkano pilotariak.
Italiako bigarren Open-ean hartuko dute parte pilotari bizkaitarrek. Niza-Monferraton izango dira euskal selekzioko mutilak”One Wall” pilota jokamoldean jokatzen. Zapatuan eta domekan lehiatuko dira lau bizkaitarrak.
Ander Martin eta Egoitz Amantegi bikotea arituko dira alde batetik eta Aitor Erauzkin eta Ander Elezkano bestetik. Elezkano zaratamoko aurrelariak lehen aldiz hartuko du parte gisa honetako txapelketa batean. Gainontzekoak ibiliak dira ordea nazioartean pilotan jokatzen, munduko txapeldun edo azpitxapeldun izanikoak baitira
Txapelketa honetan baina, dena eman beharko dute lau pilotariek, mundu guztiko aurkariak izango baitituzte txapelketa irabazteko prest. Frantzia, Herbehereak, Gales, Belgika, Irlanda eta Estatu Batuetako jokalariak izango dituzte aurrez aurre. Dena dela, laurak oso maila oneko jokalariak dira eta dakiten bezala jokatzen badute garaipenak eskuratzeko gai dira. Euskal pilotak egun dituen harribitxietako batzuk dira. Egoitz Amantegi abadiñarra esaterako, garaipen ugari eskuratu dituen pilotaria dugu.
Larrabetzun jokatu zen One Wall txapelketan izugarrizko maila eman zuen eta baita garaipenen bat edo beste eskuratu ere. Berarekin doazen hiru bizkaitarrak ere ongi ibili dira azken hilabeteetan frontoian eta horregatik lortu dute Italiara joateko txartela. Garaipenik lortzen ez badute ere oso altu utziko dute euskal pilota gazte hauek.
Pozik eta itxaropentsu joan dira gaur goizean Bartzelona aldera Milanera eramango dituen hegazkina hartzera. Bihar eta etzi partiduak jokatu ondoren astelehenean itzuliko dira. Ea pilotari bizkaitarrek garaipenik eskuratzeko abagunerik izaten duten eta Italia aldetik berri onak dakarzkiguten.