Eskualdeko musika taldeen zuzeneko kontzertuen maratoia

Anboto 2007ko mai. 10a, 12:49

Durangaldeko Musika Taldeen Elkarteak tarterik galdu gabe dihardu lanean eskualdeko musikaren alde.

Durangaldeko Musika Taldeen Elkarteak tarterik galdu gabe dihardu lanean eskualdeko musikarien arteko harremanak sendotzeko eta gure herrietako eszenatokiak bertako taldeen musikaz janzteko proposamenak egiten.

Hilabete gutxiko ibilbidean, gainera, aurrera eraman dituzten ekimen guztiak zein baino zein erakargarri eta orijinalagoak izan dira. Greatest Hits bertsio eta jai gauekin indartsu hasi zuten bidea, eta hogeitik gora talde eta ehundaka ikusle batu zituzten Durangoko Plateruena antzokian. Kartel batean hainbeste talde eta hainbeste jende batzeak, buruhauste asko ekartzen dituela jakina da, baina emaitza eta ikuslegoaren erantzuna martxoko asteburu bi haietakoaren parekoa denean, hura errepikatzeko gogoak gainditzen ditu guztiak.

Oraingoan, beste talde batzuen bertsioak barik, eskualdeko talde bakoitzak bere musika propioa eskainiko du.

Durangaldeko hainbat herritako ia 20 taldek hartuko dute parte jaialdi berezi horretan, eta bakoitzak 30 minutu izango ditu bere kantak eskaintzeko. Abadiñoko Santrokazak direla aprobetxatuta, 2 eszenatokitan banatu dute jaia eta musika. Eszenatoki bat Abadiñoko Gaztetxekoa izango da eta bestea Zeletabe plazakoa. Taldeak txandaka arituko dira batean eta bestean. Jaialdia Gaztetxean hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, eta Gaztetxean bukatuko da gaueko, 02:00ak inguruan.

Beraz, Santrokaz jaiak ospatzeko modu berezia izan leiteke Rock Maratoia, jai herrikoien alde Abadiñoko Gaztetxeak eta DMTEk antolatu dutena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!