Euskal Ligara berriro, gerra emateko gogoz

Anboto 2007ko api. 27a, 11:42

Elorrioko Emakumeen Eskubaloi Taldeak mailaz igotzea lortu du. Orain bost urte igo eta jaitsi egin ziren. Maila gogorregi egin zitzaien. Datorren denboraldian gerra eman nahi dute.

Elorrioko Emakumeen Eskubaloi Taldeak mailaz igotzea lortu du. Orain bost urte igo eta jaitsi egin ziren. Maila gogorregi egin zitzaien. Datorren denboraldian gerra eman nahi dute.

Elorrioko Nesken Eskubaloi Taldea Preferentetik Euskal Ligara igoko da aurten. DenboraldiaArgazkia: Judit Fernandez amaitzeko jardunaldi bat falta den arren, joan zen astean matematikoki ziurtatu zuten lehen postua. Lehenago ere izan ziren Euskal Ligan –orain lau-bost urte–, baina orduan esperientzia gutxiko jokalari gazteek osatzen zuten taldea eta urte osoan aurkarien doinura egin behar izan zuten dantza. Partidak alde handiarekin galdu eta, gozatu beharrean, sufritu egiten zuten. Bost urtek, ordea, askorako ematen du. Zailduago daude, esperientzia baliotsua batu dute eta, orain, doinua eurek jartzeko asmotan dabiltza: “Ilusioa eta gerra emateko gogoa dugu. Mailari eusteko gogor borrokatuko gara”, dio Ainhoa Apaolaza taldeko jokalariak.

Aurten entrenatzailerik gabe moldatu dira, baina erronka berriari aurre egiteko bidea marraztuko dien gidari baten beharra azpimarratzen du Apaolazak: “Egoera kontuan hartuta, ondo moldatu gara geu geutara. Partidetan, Asier Sanchez kadeteen entrenatzailearen laguntza izan dugu. Hala ere, norbait bilatzen saiatuko gara, entrenatzailea garrantzitsua baita talde batean. Iaz ezin izan genuen inor aurkitu. Eskubaloi entrenatzaile gutxi dago: hori da arazoa. Gainera, batzuek kobratu egin nahi izaten dute eta guk ezin diegu dirurik eskaini”.

Taldea aurtengo bera izango da; jubenil bi senior bilakatzea izango da aldaketa bakarra. Kadeteetako jokalarientzat salto handiegia litzateke talde nagusira igotzea. Hiru urteko aldea handia da adin horietan. Ildo horretan, datorren denboraldiari begira, bi muturren arteko erdigune bilakatuko litzatekeen jubenil mailako taldea sortzeko asmoa dute. Oraindik, ordea, asmoa besterik ez da.

Euskal Ligarako igoera defentsan oinarritu dute elorriarrek. Golik gutxien jaso duten taldea izan dira. Erasoan, aldiz, ez dira hain ongi aritu: “Erasoan beti dago zer hobetu”, onartzen du Apaolazak. Denboraldi osoan bi partida bakarrik galdu dituzte. Bihar Ermuaren kontra itxiko dute liga. Datorren asteburuan, Euskadiko Kopa hasiko dute Basauriren aurkakoarekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!