Sei txapel zain, buruan nork jantziko

Anboto 2007ko api. 26a, 13:56

San Prudentzio Txapelketako bikote onenak elkarren aurka lehiatuko dira martitzeneko final nagusian. Matienako frontoiko kantxa barruan erabakiko da nortzuk jantziko duten txapela kadete, gazte eta nagusien mailan. Orain arte ikusitakoaren arabera, lehia luzeak, gogorrak eta orekatuak aurreikusi litezke. Langilearen Nazioarteko Egunean,lana gogotik egin beharko du txapela bururatu nahi duenak.

San Prudentzio Txapelketako bikote onenak elkarren aurka lehiatuko dira martitzeneko final nagusian. Matienako frontoiko kantxa barruan erabakiko da nortzuk jantziko duten txapela kadete, gazte eta nagusien mailan. Orain arte ikusitakoaren arabera, lehia luzeak, gogorrak eta orekatuak aurreikusi litezke. Langilearen Nazioarteko Egunean,lana gogotik egin beharko du txapela bururatu nahi duenak.

Kadeteen artean, azken orduko aldaketa bat dago. Etxeberrriarekin bikotea osatu behar zuenArgazkia: Judit Fernandez Lana atzelari nafarrak Espainiako selekzioaren deia jaso du eta finalaren egunean Valladolid aldean izango da. Bere lekua Aretxabaleta markinarrak beteko du. “Txapelketa polita osatu du eta, inork merezi izatekotan, aukera hori berak merezi duela iruditu zitzaigun”, azaldu digu Pedro Uriarte antolatzaileetako batek. Bikote horrek Arrieta eta Bolinaga izango ditu kontrario.

Azken hauek dira faborito. Bolinagak –buruz buru Euskadiko Txapeldun izandakoa– eta Arrietak joa alde dute. Etxeberria eta Aretxabaletak, berriz, lehenaren trebetasunean eta bigarrenaren segurtasunean oinarrituko dute euren jokoa.

Gazteen mailan ere ez dago pronostiko garbirik. Mitxelena eta Sagasetak Iturriotz eta Leundaren aurka jokatuko dute. Aurrelarien arteko lehia ikusgarria suertatu daiteke. Iturriotz iaz ere finalera iritsi zen, baina podiumeko bigarren koskarekin konformatu behar izan zuen. Mitxelenak, berriz, pilotazaleen eta adituen begiradak erakarri ditu. “Oso txapelketa ona egin du eta pilotan jokatzeko dohain apartak nabari zaizkio”, Uriarteren hitzetan.

Atzelarien artean Leunda luzeagoa da Sagaseta baino. Beraz, litekeena da Leundak eta Iturriotzek jokoa atzean kargatzea, Sagaseta lehertu asmoz.

Eskualdekorik ez

Gazteen mailan, eskualdeko zaleoi geratzen zaigun pena bakarra Landaburu elorriarra finalerako sailkatu ez izana da. Mendizabal soraluzetarrarekin bikotea osatuz, 22-19 galdu zuen finalerdietan.

Nagusien artean ere ez dugu ordezkaririk izango. Egoitz Amantegi abadiñarrak eta Garmendiak (Legorreta) galdu egin zuten Alvaro eta Iruretaren aurka (22-8). Biek ala biek itxura tristea eskaini zuten. Amantegi kolperik gabe dabil; pilota ez zaio eskutik irteten. Behin baino gehiagotan ikusi genuen amorru biziz esku bata bestearekin kolpatzen: ezinaren isla. Freskotasunik ez dagoenean, zuloak nekez ikusten dira, eta ikusita ere, aurrelariak ez du pilota han jartzeko konfiantzarik; ez behar besteko bizitasunarekin, behinik behin. Nolanahi ere, bolada onak etorri eta joan egiten direnmoduan, txarrek ere iraungitze-data dute. Amantegiri ere bueltatuko zaio irribarrea aurpegira.

Aitzitik, Alvarok ederto jokatu zuen. Aipagarria da 10-2 zihoazela bota zuen ezker-zehar bildurgarria. Amantegik berak ere txalotu zuen. Iruretak segurtasuna eman zion.

Lehen partidako irabazleek Onsalo eta Ajuria aurkituko dituzte finalean. Lasa eta Uzkuduni irabazi zieten (22-12). Pilotak zeresan handia izan zuen. Irabazleek bote baxukoa ateratzen zuten Ajuriaren lana errazteko, eta gorriek, aldiz, bote biziagokoa, partida hausteko. Bakoitzak bere pilotarekin tanto-ilarak egin zituen. 11nako berdinketaren ondoren, urdinak ia zuzenean joan ziren 21era, partida erabat hautsiz.

Finalean, atzelari seguru bi (ez jotzaileak) eta aurrelari ausart bi izango dira parez pare. Ajuriak hirugarren urtez jarraian jokatuko du San Prudentzio Txapelketako finala.

FINALEKO PARTIDAK

Kadeteen mailan:
Etxeberria (Lizarra)-Aretxabaleta (Markina) /Arrieta (Hernani)-Bolinaga (Arrasate).

Gazteen mailan:
Iturriotz (Altsasu)-Leunda (Amezketa)/ Mitxelena (Aranatz)-Sagaseta (Añorga).

Nagusien mailan:
Alvaro (Najera)-Irureta (Beasain)/Onsalo (Areso)-Ajuria (Galdakao)

Non eta noiz:
Matienako frontoian, maiatzaren 1ean, 17:00etan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!