Mailari eusteko ia esperantza gabe jokatuko du Abadiñok azken partida

Anboto 2007ko api. 12a, 15:13

Abadiño mahai-tenis taldeak kontrako faktore gehiegi ditu salbazioarekin amestu ahal izateko. Ia ez dago esperantzarik. Zortzi urteren ondoren, Nazional B Maila galduko dute abadiñarrek.

Esperantza oso sentipen engainagarria da. Errealitate bilakatzeko duen aukeren arabera, esperantza irudipena edo ametsa soilik izan daiteke; itxaropen ustela. Probabilitatearen barruko eremu irristakorrean, esperantza guztiak ez dira zutik mantentzeko gai. Abadiño Mahai Tenis Taldeak, matematikek aukera txikiren bat ematen dioten heinean, badu mailari eusteko esperantza txikia; baina hain da txikia, sentipen indargarri eta betegarria izateko ahalmen oro galdua duela. Mila aldiz ireki eta itxi duten gaseosa botilak baino eragin pizgarri txikiagoa du abadiñarren esperantzak. Garbi esanda, mirari itzelik ezean, Bigarren Nazional Mailatik jaitsi egingo dira.

Abadiñok zortzi puntu ditu sailkapenean eta azken aurreko dago. Cachon eta Antonio Mendoza puntu bira daude, partida batera, beraz, baina zirkunstantzia ia guztiak aurka dituzte. Batetik, Cachonek Ligatik kanpora dagoen Etsaiak taldearen aurkako lehia du. Partida jokatu beharrik gabe jokoan dauden puntu biak batuko ditu. Beraz, Cachon ez dago inola ere harrapatzerik.

Antonio Mendozak Deustuko Unibertsitatea-Artxandako taldearen aurka jokatuko du. Deustu hirugarren dago, igoeratik puntu bira. Talde indartsua da eta, gainera, irabaztera beharturik daude. Beraz, litekeena da Antonio Mendozak galtzea.

Liderra jipoitu behar

Esperantza hori oraintxe datozen ebidentzia biek zanpatzen dute. Batetik, Abadiñok Castilla y Leon es Vida liderraren aurka jokatuko du, kanpoan. Lehen postua ziurtaturik duten arren, etxean jokatzera, litekeena da titularrekin aritzea. Eta hori horrela bada, Abadiñok benetan zail izango du emaitza onik lortzea. Ezusteko galant hori emango balitz, oraindik beste ‘handicap’ bat geratuko litzaioke. Puntuetara berdindu arren, Antonio Mendozak aldeko eta kontrako jokoen balantze hobea du. Labur esan eta inor ez korapilatzeko, Antonio Mendozak hutsean geratu behar luke eta Abadiñok, aitzitik, jipoitu egin beharko luke liderra: “oso aukera gutxi ditugu, hori da egia, baina guk ere gure urguilua dugu, eta azkenera arte borrokatuko gara”, dio Rafa Plasencia taldeko jokalari eta entrenatzaileak.

Abadiño Mahai Tenis Taldea 1998an Bigarren Nazional Mailara igo zenetik, sekula ez da jaitsi. Are gehiago, Lehen nazional Mailara igotzea lortu zuten, nahiz eta ametsak urtebete bakarrik iraun zuen.

Jokalari klabeen hutsunea

Loraldiko urte horietan guztietan, seikote finko batek osatu du taldearen bizkarezurra. Iaz, ordea, bi jokalari (Jabi Garcia eta Enrique Irineu) Deustuko Unibertsitatea-Artxandako taldera joan ziren, eta beste hirugarren batek (Iker Agirrezabal) mahai tenisa uztea erabaki zuen. Hutsune horiek taldea ahuldu egin dute. Eskola kirolean 10-12 urteko sei neska mutiko dituzte, baina horiek zaildu egin behar dute oraindik: “Trebakuntza egoki baterako, gaztetxoek orain daudenak baino txapelketa gehiago behar dituzte, eta Bizkaiko Federazioak ildo horretan lan hobea egin beharko luke”.

Liga amaitzean, “hitz egingo dugu, datorren denboraldira begira bakoitza zer emateko prest dagoen jakiteko” diote, “dena dela, guretzat dena ez da lehia. Helburuen artean, herriko gazteei kirola egiteko alternatiba bat eskaintzea ere badugu”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!