Euskal Herri osoko pilotariak ariko dira San Prudentzio txapelketan

Anboto 2007ko mar. 16a, 12:42

Hasi du bere ibilia XIII. San Prudentzio Pilota Txapelketak. Martxotik maiatzaren 1erako bi hileetan, pilota gosea asetzeko adina ikuskizun hartuko du Matienako frontoiak. Aurtengo aldian, 98 bikotek parte hartuko dute, 60 pilota eskolen ordezkaritza osatuz. Urtero legez, hiru maila izango dira: kadeteak, gazteak eta nagusiak. Mailakako sistemak astero pasatuko du galbaea: irabazleak aurrera eta galtzaileak etxera. Pilotariek maila badute, eta gogoa, zer esanik ez. Zortea ere lagun izanez gero, berebiziko txapelketa izan daiteke aurtengoa.

Hasi du bere ibilia XIII. San Prudentzio Pilota Txapelketak. Martxotik maiatzaren 1erako bi hileetan, pilota gosea asetzeko adina ikuskizun hartuko du Matienako frontoiak. Aurtengo aldian, 98 bikotek parte hartuko dute, 60 pilota eskolen ordezkaritza osatuz. Urtero legez, hiru maila izango dira: kadeteak, gazteak eta nagusiak. Mailakako sistemak astero pasatuko du galbaea: irabazleak aurrera eta galtzaileak etxera. Pilotariek maila badute, eta gogoa, zer esanik ez. Zortea ere lagun izanez gero, berebiziko txapelketa izan daiteke aurtengoa.

Abadiñoko Esku Pilota Eskolak eta Lanoste Txokoak elkarlanean antolatu dute txapelketa.Iazko aldiko finalistak Martitzenean egin zuten aurkezpen ofiziala, babesle batzuen, Bizkaiko Pilota Federazioko Mario Lopezen eta Frontis enpresa profesionaleko Karmelo Ariznabarretaren babesarekin.

Hiru kategorietan binaka lehiatuko dira. Kadeteetan 33 bikotek parte hartuko dute; gazteetan 44k eta nagusietan 16k. Durangaldeko ordezkaritza 16 pilotarik osatzen dute: Arabiourrutia, Alustiza, Aspuru, Agirre eta Bizkarrak kadeteetan; Alberdi, Perosanz, Lejarazu, Solozabal, Zamakona, Txarterina, Landaburu eta Etxanizek gazteetan; eta Amantegi, Gonzalez eta Beitiak nagusietan.

Iparraldeko pilotariak

Errioxako bost eta Iparraldeko hiru pilotarik ere jardungo dute: “Iparraldean trinketeak indar handiagoa izan du, baina Xalak eta Gonzalezek frontoi luzerako zaletasuna piztu dute. Hendaiatik Donostiara hainbat pilotari etortzen da entrenatzera, eta hortik, apurka barruranzko bidea egiten dute. Lemuno eta Alberdi ondo zebiltzala jakin genuen eta gonbita luzatzean, onartu egin zuten”, azaltzen du Pedro Castillo antolatzaileetako batek. Horiez gainera, kadeteetan Iparraldeko beste pilotari bat ariko da: Bixintxo.

Txapelketak badu bitxikeriarik. Euskal Herriko Kluben Arteko finalean elkarren aurka aritu ziren bikoteak, laguna trukatuta ibiliko dira Matienan. Amantegik Garmendiarekin jokatuko du, eta Lopezek Baezekin. Bestalde, pilotarien mailaren erakusgarri, aipagarria da Aritz Lasa Frontisek fitxatu berri duen pilotari urretxuarra ere ariko dela.

Partidak eguazten, bariku, zapatu eta domeketan jokatuko dira. Nagusien partidak, printzipioz, eguaztenetan antolatuko dituzte: “Pilotariek konpromiso asko dituzte: herriarteko txapelketa, federazioen artekoa… batez ere, nagusiei erasaten die. Horregatik, astegunetan jokatuko dute. Kadeteak eta gazteak, bikote gehiago direnez, barikutik domekara ariko dira”, Sabin Antxia antolatzaileetako baten esanetan.

Antolatzaileek txapelketaren helburuak zerrendatzerakoan, bat azpimarratu zuten: “Izen txikiagoko pilotari askok ezin dute txapelketa batzuetan parte hartu. Horiei aukerak eskaintzeko filosofiarekin hasi ginen lanean. Badira pilotariak, kadeteetan hasi eta nagusietara arte, txapelketara hutsik egin ez dutenak. Eta pozgarria da ikustea, kadeteetan nabarmentzen ez ziren pilotariak zelan gorantz egiten duten, profesinaletara iritsi arte, San Prudentzio lako txapelketei esker”. Iaz nagusietan irabazi zuten lau pilotarietatik hiruk (Rober Uriarte, tartean) profesinaletan jokatzen dute gaur egun. Horrekin batera, “gazteek gero eta kirol gutxiago” praktikatzen dutela iritzita, txapelketaren asmoa “eremu sozialean eragitea ere bada”.

Egutegi estua dela-eta, aurrefase batean 16 bikote lehiatik kanpora geratu dira, dagoeneko. Gaurtik domekara, beste hamaika partida jokatuko dira kadete eta gazte mailan.

ASTEBURUKO PARTIDAK

Barikua (20:30)
Kadete maila:
-Soto-Gil / Larrazabal- Camara
-Murgiondo-Azpiazu / Gabiola-Badiola
Gazteen maila:
-Galarza-Garitagoitia /     Otamendi-Yeregi
-Arrese-Olalde / Xanti-Asteginzarra

Zapatua (20:30)
Kadete maila:
-Palacios-Iturriaga / Rezusta-Irizar
-Urrutia-Zubizarreta / Egiguren-Galarza
Gazteen maila:
-Kortabarria-Garcia / Iraola-Otaegi

Domeka (16:30)
Kadete maila:
-Learreta-Abaskal / Bizkarra Bixintxo
-Otxoa-Iturbe / Aginaga-Gonzalez
Gazteen maila:
-Bereau-Baleztena / Epelde-Agiriano
-Soler-Vega / Aranzabal-Barrenetxea
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!