Uriarte, Antxia eta Amantegi berri iturri dira eskupilotan

Anboto 2007ko mar. 15a, 12:21

Hiru abadiñarrek hitzordu garrantzitsuak dituzte asteburuan. Lehen biek finaletarako txartelak dituzte jokoan. Amantegik, berriz, bere palmares jada oparoa loditu du Euskal Herriko Kluben Artekoan.

Hiru abadiñarrek hitzordu garrantzitsuak dituzte asteburuan. Lehen biek finaletarako txartelak dituzte jokoan. Amantegik, berriz, bere palmares jada oparoa loditu du Euskal Herriko Kluben Artekoan.

Abadiñoko hiru pilotariek gaurkotasuna dute Durangaldeko pilotaren barruan. Rober Uriartek Asperen adarreko binakako txapelketako finala jokatuko du domekan Bergaran, 17:00etatik aurrera. Galartza VI.arekin bikotea osatuz, Larralde eta Arruti izango ditu aurkari. Irabaziz gero, hilaren 30ean Asegarceren adarreko irabazleekin izango luke jokoan txapel desiratua.

Ander Antxiak Bizkaiko III. Irekiko finalerdia jokatuko du, lau t’erdian, Jorge Nagoreren aurka. Antxiak arazorik gabe kanporatu zuen Gorriti final laurdenetan (10-0, 10-7). Abadiñarra nagusi izan zen bi jokoetan. Norgehiagoka Mañariko frontoian izango da, domekan, 18:00etatik aurrera.

Azkenik, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan, Egoitz Amantegik txapela irabazi du Ortuellako Danok Lagunak eskolarekin, nagusien binakako ohorezko mailan. Gaizka Lopezekin bikotea osatuz, Zazpi Iturri menderatu zuten finalean (22-17).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!