Abadiño mahai-tenis taldeak lau final jokatuko ditu, mailari eusteko borrokan

Anboto 2007ko mar. 2a, 13:46

Abadiñoko Mahai Tenis Taldea larri dabil Bigarren Nazional Mailan. Liga amaitzeko lau jardunaldi falta direnean, azken aurrekoak dira. Maila talde bik galtzen dutenez, jaitsiera postuetan daude. Gainera, bihar, Castilla y Leon Es Vida liderraren kontra jokatuko dute. Nolanahi ere, dena ez dago galduta, ezta gutxiago ere. Beste talde bi ere itolarrian daude: Cachon eta Antonio Mendoza. Abadiñorengandik bi eta lau puntura daude –hurrenez hurren–, eta horien egutegia ere ez da samurra. Beraz, urte hasieran jarritako helburua, mailari eustea, posible da oraindik. Hori bai, geratzen diren lau partidak hil ala bizikoak balira legez jokatu beharko dituzte.

Abadiñoko Mahai Tenis Taldea larri dabil Bigarren Nazional Mailan. Liga amaitzeko lau jardunaldi falta direnean, azken aurrekoak dira. Maila talde bik galtzen dutenez, jaitsiera postuetan daude. Gainera, bihar, Castilla y Leon Es Vida liderraren kontra jokatuko dute. Nolanahi ere, dena ez dago galduta, ezta gutxiago ere. Beste talde bi ere itolarrian daude: Cachon eta Antonio Mendoza. Abadiñorengandik bi eta lau puntura daude –hurrenez hurren–, eta horien egutegia ere ez da samurra. Beraz, urte hasieran jarritako helburua, mailari eustea, posible da oraindik. Hori bai, geratzen diren lau partidak hil ala bizikoak balira legez jokatu beharko dituzte.

Biharko konpromisoaren ondoren, datorren asteburuan Antonio-Mendoza hartuko dute etxean:Argazkia: Iban Gorriti “Ekartzen dituzten jokalarien arabera errazagoa edo zailagoa izango da. Batzuek maila hobea dute besteek baino. Dena dela, irabaztea espero dugu”, dio Rafa Plasencia taldeko jokalariak. Azken aurreko partida Etsaiaken aurkakoa dute. Hauek multzoko azkenak dira eta ez dute puntu bakar bat ere. Derrigor irabazi beharreko lehia da. Ligako azken hitzordu erabakigarria etxean izango dute, Burgosen aurka.

Saltsan sartuta dauden beste bi taldeek ere antzeko exijentzia mailako neurketak dituzte. Gainera, lau jardunaldietako batean elkarren aurka jokatuko dute eta hori mesedegarria izan liteke Abadiñoko taldearentzat.

Gozotik gazira

2003/04 denboraldian Lehen Nazional Mailara igo ziren lehenengoz. Urte gogoangarria izan zen. Zoritxarrez, maila berria gogorregia egin zitzaien eta ametsak urtebete bakarrik iraun zuen. Iaz, berriro Bigarren Nazional Mailan, hirugarren geratu ziren, igoera fasetik at.

Urtebetean, igoerarako faborito izatetik maila galtzeko zorian egotera pasatu dira. Hala ere, espero zuten aurtengo sufrikarioa. Taldeko jokalari titular bi, Enrique Irineu eta Javi Garcia, Artxandako taldera joan ziren liga hasi aurretik. Han, kalitate handiko beste jokalari batekin hirukotea osatuz, mailaz igo nahian dabiltza. Ondorioz, Abadiñoko taldeak euskarri nagusi bi galdu zituen. Mugimendu hark, taldearen helburuak goitik behera aldatu arazi zituen, eta mailari eusteko desio bakarrarekin hasi zuten denboraldia sei jokalariek: Jonathan Romero, Sergio Hurtado, Rafa Plasencia, Unai Munitxa, Jon Garcia eta Asier Kintanak.

Liga nazionaletan parte hartzeko erabakia hartu eta hirugarrenetik bigarren mailara igo zirenetik –1995. urtean– Abadiño sekula ez da handik jeitsi. Are gehiago, orain hiru urte igoera lortu zuten, nahiz eta hurrengo urtean berriro galdu.

Abadiñoren gaur egungo egoera ez da kasualitatearen ondorio. Joandako jokalariak ordezkatu ditzakeenik ikusmiran ere ez da agertzen. Gaur egun, 9 eta 11 urte arteko sei lagun entrenatzen ditu Rafa Plasenciak, baina, oro har, mahai-tenisarekiko afizioa asko galdu dela dio.

Federazioaren “lan kaskarra”

Afiziorik ezaren arrazoi nagusia, Bizkaiko Mahai Tenis Federazioaren “kudeaketa kaskarrean” aurkitzen du. Kirol honekin lotuta daramatzan 20 urteetan somatu eta ikusi dituenak, Federazioa gogor eta zorrotz kritikatzera daramate Plasencia: “Ez dute fundamentuz lan egin; ez liga federatuen mailan, ez eskola kirolaren arloan ere. Ondorioz, errekan gora egin behar izan dugu igeri. Gastu minimoen eta errenta handienen politika erabili dute, eta horrela ezin da”.

Azken urteetan Bizkaia mailan, mahai-teniseko talde ugari desagertu da: “Gogoan dut, garai batean Santurtzin, Barakaldon eta beste hainbat herritan taldeak zeudela. Orain denak desagertu dira. Inkonpetentzia garbia da. Eskola kirola indartu ezik, ezinezkoa da afizioa sortzea”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!