Josune Munitxaren lana, bidegileak bilduman jasoa

Anboto 2007ko mar. 1a, 13:05

Josune Munitxaren lanari eta bizitzari buruzkoak bildu dituzte. Eskualdeko ikastolen sorreran lanean aritu eta gero, Elorrioko ikastolako lehenengo andereñoa izan zen, eta bere semeak, Beñat Gaztelu-Urrutia bertsolariak osatu du liburuxka.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kaleratzen duen bilduma da Bidegileak osatzen duena; Hogei urtean 150 lagunen biografia laburrak osatu ditu, eta denak dira euskalgintzan ibilitako pertsonak. Horietako batzuk euskal kulturaren esparruan oso ezagunak diren pertsonak dira. Beste ezeren gainetik, baina, euskalgintzan sarritan anonimotasunetik lanean ibili den jendea ezagutzera ematea da helburua, zelanbait euren beharra eskertzeko. Liburuxka laburrak dira bilduma osatzen dutenak, 25 orrialdetan jasoak, eta internetean ere ikusgai daude.

Eskualdeko emakume bati buruzkoak topatuko dituzue, beste batzuen artean: Josune Munitxari buruzkoak, hain justu ere. Eskualdeko ikastolen sorreran lanean aritu eta gero, Elorrioko ikastolako lehenengo andereñoa izan zen abadiñar berritzaile eta ekintzailea.

Bere semeak, Beñat Gaztelu-Urrutia bertsolariak, osatu du Munitxari buruzko liburuxka, “amaren bizitzari buruzko zertzelada batzuk”, modu labur eta irakurterrazean idatzi ditu. Enkarguz hartutako eta gustura egindako lana izan da Beñatek burututakoa, baina biografia baten sakontasunetan sartu barik. Azterketa sakonik egin barik eta Josune Munitxak ikastolen mugimenduan egin zuen lana oinarri hartuta, haren bizitzaren testuingurua ere kontuan hartu du, amaren bizitza egoera hartan kokatzeko.

“Kazetari lana egin dut”, dio Beñatek; etxekoekin, ikastolako orduko langileekin eta gaur egunekoekin ere izan ditu amari buruzko elkarrizketak. Hasieran uste zuen errazagoa izango zitzaiola, eta lana luzatu den arren, gustura aritu da. Izan ere, alderdi bitatik gertatu zaio aberasgarri lana: amaren lana errekonozitzea alde batetik gustagarri delako, batetik; beretzako ere ariketa osasungarria izan delako, bestetik.

“Amaren moduan lan egin duen jende asko dago herri honetan”, dio apaltasunez. Urtez urte handitzen doan bilduma horretan, tomo bakoitzak lau koaderno hartzen ditu, eta bizitza asko biltzen; Munitxarena ere bai orain.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!