Urteko bigarren titulua irabazi zuen Petitek

Anboto 2007ko ots. 8a, 11:42

Cristina Petitek Kros Laburreko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, joan zen domekan, Abadiñon. Horrela, urteko bigarren txapela jantzi du, Bizkaikoa ere oraintsu irabazi baitu.

Cristina Petitek Kros Laburreko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, joan zen domekan, Abadiñon. Horrela, urteko bigarren txapela jantzi du, Bizkaikoa ere oraintsu irabazi baitu.

Gizonezkoetan, EHU taldeko Dabhi ElMiloudik irabazi zuen lasterketa, baina ez txapela. Erkidegoko lizentzia urte bitan bakarrik duenez, ezin zuen txapelik jantzi. Ondorioz, lasterketan bigarren sailkatutako Gontzal Sanz arabarra da txapeldun ofiziala. Hirugarren Jose Antonio Blanco sailkatu zen.

Hasieratik bertatik, argi geratu zen emakumezkoen txapela korrikalari biren artean erabakiko zela: Cristina Petite eta Itziar Urdangarin berehala geratu ziren bakarrik buruan, nor baino norrago. Lehenengo itzuli bietan Urdangarinek ondo eutsi zion abadiñarraren erritmoari, baina hirugarrenean, atzean geratu zen. Azkenengo itzulia bakarrik eman zuen Petitek, eta herritarren txalo artean zeharkatu zuen helmuga. Urdangarin hamaika segundo geroago iritsi zen. Ana Isabel Casillas Bidezabalgo atletak osatu zuen podiuma.

Otsailaren 18an, Euskadiko Kros Luzeko Txapelketa jokatuko da Ortuellan. Bizkaiko txapela eta Euskadiko Kros laburrekoa jantzita, Petitek urte hasiera biribiltzeko aukera izango du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!