Kros laburreko txapela jokoan, etzi, Abadiñon

Anboto 2007ko ots. 2a, 13:42

Bidezabal Atletismo taldearen eta Abadiñoko Udalaren laguntzarekin, Euskadiko Atletismo Federazioak Euskal Herriko Kros Laburreko VI Txapelketa antolatu du, domekarako, Astolako futbol-zelaiaren inguruan.

Bidezabal Atletismo taldearen eta Abadiñoko Udalaren laguntzarekin, Euskadiko Atletismo Federazioak Euskal Herriko Kros Laburreko VI Txapelketa antolatu du, domekarako, Astolako futbol-zelaiaren inguruan.

Lehenengo, gaztetxoenak lehiatuko dira: benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak. Guztira, 500 bat gaztetxo batuko dira lasterketetan. Benjaminak 11:00etan irtengo dira, eta maila bat amaitu ahala hurrengoari ekingo zaio.

Ondoren, nagusiak lehiatuko dira; emakumeak lehenengo, gizonezkoak jarraian. Lasterketa bakoitzean juniorrak, seniorrak eta beteranoak lehiatuko dira. Guztiek 4.000 metroko ibilbidea osatu beharko dute. Horretarako, 900 bat metroko zirkuitua antolatu dute Astolako futbol-zelaiaren inguruan. Izena 200 atleta baino gehiagok eman dute (150 gizonezkoetan, eta 50 emakumezkoetan), baina beti ez dira izena emandako guztiak etortzen.

Emakumezkoen lasterketa 12:30ean hasiko da. Bizkaiko Kross Txapelketa irabazi berritan, Kristina Petite izango da faborito nagusi. Petiterekin batera Itziar Urdangarin ere irabazteko hautagaien artean dago. Iaz Euskadiko Kross Laburreko Txapelketa irabazi zuen Ana Casillas matienarrak ere parte hartuko du.

Gizonezkoen lasterketa 13:00etan hasiko da. Lau faborito nagusi daude: El Milaudi eta El Guarragh marokoarrak, Guillermo Arnedo eta Gontzal Sanz.

Kross Laburreko Txapelketako lehenengo edizioa ere Abadiñon jokatu zen, eta, emakumeetan, Kristina Petite nagusitu zen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!