Gaztetxoenek eskaini zuten ikuskizunik ederrena Durangaldeko pilota finaletan

Anboto 2007ko urt. 26a, 11:09

Durangaldeko Pilota Txapelketako finalek txanponaren alde biak erakutsi zizkiguten; kurutzea barikuan, eta, aurpegia zapatuan. Asteburu atariko neurketak bat ere emoziorik gabeak izan ziren; Zapatuan, ordea, kategoriarik gazteenetako pilotariek ikuskizun bikaina eskaini zuten.

Durangaldeko Pilota Txapelketako finalek txanponaren alde biak erakutsi zizkiguten; kurutzea barikuan, eta, aurpegia zapatuan. Asteburu atariko neurketak bat ere emoziorik gabeak izan ziren; Zapatuan, ordea, kategoriarik gazteenetako pilotariek ikuskizun bikaina eskaini zuten.

Barikuko jaialdia hotza izan zen, oso hotza. Harmailak nahikoa hutsik zeudela, kadete, senior eta nagusien mailako finalek ez zuten ez gatzik ez piperrik izan. Berrizko (Loidi eta Urkijo), Durangoko (Aperribai eta Agirrezabal) eta Markinako (Urionabarrenetxea eta Castañares) pilotariek erraz irabazi zituzten bakoitzak bere mailako neurketak.

Antolatzaileek aurten erabaki zuzenik hartu badute, zapaturako gazteenen partidak uztea izan da guztietan zuzenena. Gozatu ederra hartu zuten frontoia goraino bete zuten ikusleek. Benjaminetan, Markinako Gandiaga eta Urizar, eta, Mallabiako Gisasola eta Araztegi neurtu ziren. Mallabiarren atzelaria neska izateak bazuen bere zera kantxatik kanpora. Arrastotik barrurantz, ordea, nor baino nor gehiago zebiltzan lau pilotari ziren bereizketarik gabe. Tanto nahasiak, borrokatuak, biziak, ikusgarriak…ikusi genituen. Azkenean, markinarrek irabazi zuten, baina txaloak lauren artean banatu zituzten.

Kimuetan, Iurretako Bereinkuak eta Bikandik irabazi zuten Berrizko Angiozar eta Loizateren kontra. Partida honetan ere, irabazleek beltz lan eginda meneratu zituzten aurkariak, partida luze eta orekatuan.

Azkenik, haurren kategorian, lekeitiarrak (Cabellos eta Imaz) nagusitu ziren. Erraztik eta Maguregi berriztarrek gogotik lan egin zuten, baina azken txanpan partidak ihes egin zien.
Sari banaketari ekin aurretik, Adrian Amantegi mañariarra omendu zuen Durangaldeko Pilota Eskolen Klubak. Urte askoan emandako laguntza eskertu guran, hainbat oroigarri eman zizkioten, eta bere emazte Emili Mugurazelaiak ere lore-sorta jaso zuen. Omenaldia Amantegiri eskainitako aurresku batekin amaitu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!