Lehiakortasunak ez du mugarik. Gizartean gehien hedaturik dauden kiroletan argi ikusten da hori; futbolean eta saskibaloian, esaterako. Garaipen goseak taldeen oinarrizko nortasuna galtzera darama. Berdin da nortzuk jokatzen duten, irabaztea da behinena. Printzipio horren magalean justifikatzen da atzerritarren fitxaketa. Ondorioz, zaleek eusten diote lekuan lekuko taldeen nortasunari. Gutxiengo diren kiroletan, berriz, alderantziz gertatu ohi da: xakean adibidez. Lorpen handiak eginagatik betikoak joango dira ikustera; hori horrela alperrik da atzerritarrak ekartzea eta, ondorioz, jokalariak izaten dira taldeko nortasunaren euskarri.
Xakean, ordea, aldatzen ari da jokabide hori. Hasi berri den Euskal Ligako Ohorezko Mailan hamar taldetik hiruk Maisu Handiak dituzte, atzerritarrak gehienak, eta beste hainbatek Nazioarteko Maisuak. Enpresa handiren baten sostengua lortzeak, Sestaok Naturgasekin egin duen antzera, maila altuko jokalariak ekartzea ahalbidetzen du, irabazteko helburu bakarrarekin. Baina norentzako irabazi? Kontuak kontu Abadiñok, abadiñarrekin osatutako taldearekin, mailari eusteko galtza bete lan izango du aurten: “Ia-ia mirari bat behar dugu”, dio Ibon Martin talde nagusiko jokalari eta kapitainak.
Joan zen zapatuan porrotarekin ekin

Lehiakortasuna igo
Abadiño orain urte bi igo zen Euskal Herriko xakearen tontorrera. Iaz maila mantentzea lortu zuten, baina aurten helburu horrek ametsa dirudi, arrazoi nagusi birengatik. Batetik, hainbat taldek puntako jokalariak fitxatu dituzte, eta bestetik, igoera lortu dutenen maila jaitsi zirenena baino altuagoa da. Beraz, salbazio postuak inoiz baino garestiago daude. Mailari eusteko zeregin konplikatu hori lau xakelariren bizkarrean dago: Ieray Galtzagorri, Alain Prieto, Iker Garitaonandia eta Ibon Martinenean. Nolanahi ere, “guk dugun dena emango dugu, ez beza inork dudarik egin”.
Atzerritarrak fitxatzeko talde batzuk harturiko bidea, Abadiñok inoiz hautatu ote dezakeen galdetuta, Martinek ezezkoa dio: “Guri ez zaigu hori interesatzen, ez da gure filosofia. Igoera lortzeko hainbeste lan egin ondoren, Ohorezko Mailan aritzea sari moduan hartzen dugu. Eginahalak egingo ditugu salbatzeko, eta lortu ezik, ez da ezer gertatzen”.
Durangoko taldea igoera du helburu
Durangoko Larrasoloeta Xake Taldeak Bizkaiko Goren Mailatik Euskal Ligako Lehen Mailara igotzeko helburuarekin ekin dio ligari. Lehen jardunaldian irabazi egin zioten Barakaldo Bri (3-0) eta bide onean daude: “Aurten talde ona dugu. Ikasketak medio denboraldi luzean xake mundutik kanpora egon den Rodrigo Sarralde berreskuratu dugu, eta taldearen mailak gora egin du”, dio Sabino Arauzo taldeko jokalariak eta kapitainak. Bi horiekin batera Diego Sarraldek eta Iñaki Lombrañak osatu zuten laukotea. Bihar, Rey Ardid jasoko duten etxean, 16:00etan, Landako Kiroldegian: “Partida zailagoa eta lehiakorragoa izango da”.
Zaldi Baltzak mailari eutsi nahi dio
Urte bitan beste hainbeste igoera lortuta, aurten Bizkaiko Goren Mailan mantentzea du helburu Elorrioko Zaldi Baltza xake taldeak. Ondo hasi dute liga; zapatuan irabazi egin zuten Portugaleten. Inigo Axpek, Aitor Gallastegik, Alberto Sardoinek eta Aitor Arabiotorrek osatu zuten laukotea. Bihar, Balmasedan jokatuko dute, beraien legez, igo berria den talde baten aurka: “Maila antzerakoa dugunez, irabaztea espero dugu”, dio Arabiotorrek. Zaldi Baltza 1991ean egon zen azkenengoz Goren Mailan. Liga amaitu ostean taldea desagertu egin zen. 1999an etapa berriari ekin ziotenetik, aurtengoa du lehen urtea mala honetan.