Zilarrezko domina batekin itzuli da Abadiño munduko txapelketatik

Anboto 2014ko ots. 24a, 10:55
Abadiño sokatira taldea Irlandan
Abadiño sokatira taldeak 560 kilora artekoan lortu du zilarra. Beste hiru pisutan finalaren atarian geratu da.

 

Orain  hurrengo munduko txapelketan zilarrezko (560koan) eta brontzezko (600ekoan) domina bana irabazi zituen Abadiñok. Eguenetik domekara Irlandako Castlebar herrian jokatu den aurtengoan, 560 kiloko domina errepikatu du, eta 600ekoan atarian geratu da. Edu Mendizabal entrenatzaileak adierazi duenez, “pena apur bat geratu zaigu hainbat bider finalen edo dominen atarian geratu garelako, baina oro har gure lana ondo baloratzen dugu eta pozik gaude”.

 

Eguenean, 560 kilora arteko finala Coventry Club (Ipar Irlanda) taldearen aurka galdu zuten. Orain urte bi ere talde berdinaren kontra galdu zuten finala. Barikuan, 600 kilora artekoan, laugarren sailkatu ziren. Ligaxkan onenak izan ziren eta, tiraldi bat kenduta, gainerako denak irabazita sailkatu ziren finalerdietara. Ondoren, Clonmany taldeak finaletik kanpora utzi zuen Abadiño. Brontzerako lehia ere galdu egin zuten Cockhill taldearen aurka eta laugarren sailkatu ziren.

 Abadiñoko sokatiralariak Taiwaneko tiralariekin

Zapatuan eta domekan nazioen arteko txapelketak jokatu ziren. Euskadiko txapelketan pisu bakoitzeko txapeldun geratu direnek Euskadiko Herri Kirol Federazioa ordezkatu zuten. Abadiño da txapeldun lau pisuetan, baina horietako bi (560 eta 600 kilora artekoak) defendatu zituen Irlandan eta gainerako biak Ibarraren kargu geratu ziren. 560koan bosgarren geratu ziren, Taiwan (irabazleak), Ingalaterra, Irlanda eta Ipar Irlandaren atzetik. 600ekoan, beste behin, finalaren atarian geratu ziren. Taiwanek kanporatu zituen finalerdietan eta ondoren laugarren geratu ziren.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!