"Kanpotik astakilo samarra ematen du, baina barrutik ezagutu ostean, arte bat da"

Anboto 2014ko ots. 16a, 09:00
Martitzenean Irlandarantz abiatuko da Abadiñogaz, Munduko Txapelketan parte hartzeko.
Hasi arte sokatirari buruzko oso oinarrizko ezagutza zuen Asier Larreak, abendura arte munduko txapelketarik bazegoenik ere ez zekien; datorren astean, berriz, munduko sokatira talderik onenak bertatik bertara ezagutuko ditu, Abadiñogaz Irlandara doalako

Abadiño sokatira taldeko tiralaririk gazteenak 17 urte ditu. Aurten hasi da, eta oso pozik dabilela dio. Sokatirari buruz zuen ideia erabat aldatu zaio barrutik ezagutu duenean. Indarrarena baino, teknikaren kirola dela konturatu da.

 

Sokatiran hasi aurretik beste kirol batzuk probatutakoa zara. Zeintzuk?

Txikitan Astolako igerilekuan egiten zuten proba batean parte hartu eta gustatu egin zitzaidan. Astolako taldean izena eman eta lau-bost urte eman nituen han. Gero, hango lagun batzuekin Mugarra Triatloi Taldean ibili nintzen urtebetez. Aisialdian sarritan joaten naiz korrika egitera, eta igerian banuen dagoeneko oinarri bat, baina bizikleta ez zitzaidan askorik gustatzen. Proba bitan bakarrik parte hartu nuen: Ermuko duatloian eta Bermeoko triatloian.

 

Zelan batu zinen sokatira taldera?

Aitak Edu [Mendizabal, entrenatzailea] ezagutzen du, eta  Eduk sokatira ezagutzeko gonbit egin zidan. Probatzea erabaki, eta gustatu egin zaitzaidan.  

 

Orain artekoa zelako esperientzia izan da?

Hasi nintzenean, sokatirari buruz oinarrizkoa bakarrik nekien: zortzi lagun alde banatan sokari tiraka. Ez nekien txapelketak pisu jakin batera mugatuta daudenik ere. Kanpotik begiratuta astakilo samarra ematen du kirolak, baina barrutik ezagutu ostean, arte bat da. Pertzepzioa asko aldatzen da. Gerriarekin ondo eutsi behar zaio, hankek postura jakin bat izan behar dute, eskuekin ondo heldu behar zaio sokari… Ez da indar kontua bakarrik.

 

Beraz, harritu egin zintuen sokatirak.

Bai, berari buruz nekiena oso azalekoa zela ohartu nintzen. Esaterako, sokari lehenengoz eutsi nionean ez nuen gerrikorik, eta Eduk hainbat azalpen eman zizkidan, soka gerrira zelan moldatu jakiteko. Detaileek dute garrantzia. Kirol polita da, asko gustatzen zait.

 

Zelakoak dira entrenamenduak?

Oso gustura nabil. Denak esperientzia handiko tiralariak dira, eta asko laguntzen didate. Eduk batzuetan talde bi egiten ditu: txapelketan ariko direnak eta besteak. Niri oso ondo datorkit hori, besteak tiratzen ikusi egiten ditudalako, eta horrela ikasten delako. 

 

Orain arte zenbat txapelketatan parte hartu duzu?

Bizkaiko Txapelketan Abadiñorekin aritu nintzen, eta irabazi egin genuen. Hori izan nuen nire lehenengo txapelketa. Irabazi izanak asko motibatu ninduen. Ondorengo txapelketa batzuetan beste talde batzuekin aritu nintzen. Eduk esan zidan ondo etorriko zaitzaidala ikasten joateko. Seis Conceyos asturiarrekin, Nabarnizegaz eta Muruetagaz ibili naiz ondoren. Bizkaiko Txapelketa irabazi ostean, apur bat harrotu edo puztu egin nintzen, eta beste talde batzuekin aritzeak errealitatea ikusteko balio izan dit. Benetako sokatira zer den ikusi dut horrela. Galtzen ere ikasi egin behar da.

 

Txapelik irabazi duzu Abadiñogaz?

Bizkaiko Txapelketan ez zen txapelik egon. Oroitzapen on asko ditut, baina txapelik ez; beno, badut txapel bat Mikel Lasuen taldekideak emandakoa, berak pilo bat dituenez… 

 

Munduko talderik onenean zabiltza. Horrek erantzukizun gehigarri bat dakar beragaz?

Oraindik ez, baina ikusi dut Abadiño talde handia dela. Orain hilabete batzuk Taiwango tiralariak etorri ziren, eta Abadiñok egiten zuen guztia apuntatu egiten zuten. Taiwanen bizi diren batzuk hona etorri, eta Abadiñok egiten duena kopiatu zuten! Horrez gain, Herbehereetako talde bat guk zer zapatila erabiltzen dugun begira aritu da Interneten. Horrelakoetan konturatzen naiz oraindik hau dena apur bat handi geratzen zaidala, baina merezi duela ere uste dut, eta ikasteko gogoz nago. 

 

Eduk zer esaten dizu?

Beti esan dit neure burua besteekin ez konparatzeko, hasiberria naizela, eta besteek nik baino askoz hobeto egingo dutela. Askotan nire gainean egoten da, eta pausoka-pausoka saiatzen da gomendioak ematen: "Orain eskuekin hau, gero hanka bat mugitu, ondoren bestea…". Badakit asko dudala ikasteko. 

 

Datorren astean Irlandara zoazte Munduko Txapelketan parte hartzera. Zein tiralditan parte hartuko duzu?

Martitzenean irtengo gara harantz, eta sei bat egun egongo gara. Abadiñogaz ez bada, beste talderen batekin arituko naizela esan didate. Hori sarritan egiten da, eta, beharbada, Irlandako  edo Herbehereetako talderen batekin ibiliko naiz.  

 

Noiz esan zizuten Munduko Txapelketara joango zinela?

Arin jakin nuen, abendu inguruan. Jendea Munduko Txapelketari buruz galdetzen hasi zen, eta, jakina, nik ez nekien ezer. Munduko Txapelketa? Zer txapelketa? Orduan azaldu zidaten bi urterik behin munduko 40 talderik onenak Munduko Txapelketan lehiatzen direla. Ni, seguruenik, joango nintzela esan zidaten, tiratzen ez bazen, ikusteko, baina gauza bat eskatu zidaten: jarraitutasuna. Ilusio handia egin zidan. Kristoren esperientzia da, eta joateko kristoren gogoa dut. Gainera, institutuko azterketak asteon amaitu ditut. 

 

Zeintzuk dira zure dohainak eta zertan hobetu behar duzu?

Nire abantailetako bat da pisu gutxi dudala, eta horrela mantentzea ez zaidala kostatzen. Hori besteek eskertzen dute, ez dutelako hainbeste pisu kendu behar. Ikasi behar dudana da sokari egoki eusten. Horretako gauza asko ondo egin behar dira, bestela, mugimenduagaz lurrera erortzen zara. 

 

Gauza bat da hastea eta beste bat jarraitzea. Sokatiran luzaroan jarraitzeko asmoa duzu?

Ni oso gustura nago, eta kirol honek asko erakartzen nau. Teknika hobetzen zoazen heinean hobeto tiratzen ikasten da. Ez da indar kontua bakarrik. Koordinazioak ere asko esan gura du. Batek indarra egin, baina besteek ez badiote jarraitzen, alperrik da. Zortzi lagunek bat izan behar dute. Indar aldetik onena ez izanda ere, sokan geldi gustura egotea lortzen baduzue, besteak azkenean nekatu egingo dira. Abadiñok hori oso ondo egiten du.

 

Abadiñok talde finkoa izan du luzaroan. Erreleborik badator?

Askok antzeko adina dute. Denak batera hasi ziren, eta batera joan dira urteak betetzen. Inguruan ez dut halako afiziorik ikusten. Nire lagunei sarritan esaten diet etortzeko, probatzeko, baina ezin ditut konbentzitu. Jende berria behar da, bai. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!