640ko txapela irabazi eta zalantzak alboratu ditu Abadiñok

Anboto 2014ko urt. 27a, 14:25
Abadiño Sokatira Taldea Idiazabalen (Argazkia: David Peña)
Goma gaineko zortziko txapelketan orain arte jokoan izan diren txapel biak Abadiño Sokatira Taldeak irabazi ditu. Zapatuan, 640 kilora artekoa irabazi zuen. Horrez gainera, irabazi arren 680 kilora artekoak utzi zituen zalantzak urrundu dituzte: “Oraingoan oso sentsazio onak izan ditugu”, adierazi du Edu Mendizabal entrenatzaileak.

 

Abadiño Sokatira Taldea, apurka-apurka, bere sasoi punturik onenera heltzen ari da. Horixe zuten helburu denboraldi hasieran: otsailaren 20tik 23ra Irlandan jokatuko den Munduko Txapelketara begirako prestaketa egin eta hitzordura horretara ehuneko ehunean heltzea.

 

Goma gaineko lauko txapelketan kaskar aritu ziren denboraldi hasieran: 300ekoan ez ziren finalerako sailkatu eta 320koan podiumetik kanpora geratu ziren. Zortziko txapelketak, ordea, urak bere bidera ekarri ditu. Orain asteburu bi 680 kilora arteko txapela jantzi zuten, Ibarraren kontrako tiraldi bat galdu eta gainerako denak irabazita. Hala ere, abadiñarren jardunak zalantzak utzi zituen. Irabazi arren, ez zirela ondo aritu adierazi zuen Edu Mendizabal entrenatzaileak. Zer edo zer falta zitzaien. Joan zen zapatuan, Idiazabalen, 640 kilora arteko txapelketan lortutako garaipenak, aldiz, denak gustura utzi ditu. Tiraldi denak irabazita jantzi zuten txapela: “Oraingoan bai, oraingoan oso ondo aritu gara eta gure lanak gustura utzi gaitu”, azaldu du Mendizabalek. Ibarra eta Ñapurrak sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan.

 

Hanka eta erdi 600 kilora arteko finalean

 

Zapatuan 640 kilora arteko txapelketa irabazi ondoren, domekan, 600 kilora arteko bi sailkapen faseetako lehenengoa lehiatu zuten Bilboko La Casillan. Euren multzoan Ñapurrak-en kontrako tiraldi bat galdu arren, desenpatean nagusitu egin zitzaizkien. Ondoren, multzoburuen arteko lehian, Abadiñok irabazi egin zion Ibarrari. Bigarren sailkapen proba datorren zapatuan izango da Urdulizen. Joan zen domekako emaitzagaz, Abadiño Sokatira Taldeak hanka eta erdi finalean du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!