Abadiñok garaipenarekin ekin dio zortziko txapelketari

Anboto 2014ko urt. 14a, 14:04
Abadiño Sokatira Taldea 680ko txapelagaz
Goma gaineko lauko txapelketan ohiko mailatik behera ibili ondoren, zortziko txapelketari indartsu ekin dio Abadiñok. Domekan, Aian jokatutako finalean, txapela jantzi zuten 680 kilora artekoan. Asteburu bi barru 640 kilora artekoa jokatuko dute Idiazabalen.

 

Zazpi sokatira talde neurtu ziren domekan, Aian. Abadiñok Ibarraren kontra tiraldi bat galdu eta gainerako denak irabazi zituen. Hala ere, Edu Mendizabal entrenatzailea ez du erabat asebete domekako jardunak eta tiraldi batzuetan ez zirela nahi bezain ondo ibili adierazi du. Kontuak kontu, goma gaineko zortziko denboraldiko aurreneko txapelketa (680 kilora artekoa) irabaztea lortu du Abadiñok. Zudaire (Ipar Euskal Herria) eta Sokarri (Arrigorriaga) geratu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren.

 

Garaipen onek goma gaineko lauko txapelketak eragindako dudak uxatu eta konfiantza hartzeko balioko dio Abadiñori. Izan ere, 300 kilora artekoan ez ziren finalera sailkatu eta 320koan laugarren geratu ziren.

 

Zortziko denboraldiko hurrengo hitzordua urtarrilaren 25ean izango dute, Idiazabalen. Bigarren pisurik handienean ibiliko dira, 640 kilora artekoan. “Irabaztea dugu helburu”, dio Mendizabalek. Abadiño, normalean, pisurik handienetan ibiltzen da ondoen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!