Abadiñok zilarrezko dominarekin hasi du munduko txapelketa

Anboto 2014ko ots. 20a, 17:28
Abadiño sokatira taldea Irlandan zilarrezko dominarekin
Abadiño sokatira taldeak munduko txapelketan 560 kilokoan bigarren postua lortu du. Txapelketak Irlandan Castlebar herrian jokatzen ari dira, gaurtik iganderaino. Sokatira txapelketa hauek bi urterik behin jokatzen dira. Orduko hartan, bi domina irabazi zituzten, 560koan zilarra eta 600ekoan brontzea.

 

Abadiñarrek finalean ezin izan dituzte Ipar Irlandako Country Club taldekoak menderatu. Orain dela bi urte ere talde honen kontra ez zuten lortu urrea irabazterik. Edu Mendizabal entrenatzaileak finala bukatu berritan honako hau aipatu du: “Orain ez gaude hain pozik, baina denbora joan ahala zilar hau baloratuko dugu”.

 

Abadiñokoek, sailkapen fasean tiraldi gogor baten ondoren Taiwandarrei irabaztea lortu eta finalerdietan Cockhill etxeko taldea, Irlandakoa, menderatu dute. Abadiñarrek bihar 600 kiloko txapelketa izango dute; goizean sailkapen faseak eta aurrera eginez gero eguerdian finalak. Beraien helburua, orain dela bi urte lortutako brontzezko domina berritzea da.

 

Abadiño sokatira taldeko tiralari gazteenak berriz, Asier Larreak, bihar debutatuko du munduko txapelketan Ñapurrak taldearekin. Ipar Euskal Herriko taldearekin 23 urtez azpikoen mailan lehiatuko da 17 urteko gaztea. Bestalde, zapatuan Abadiñoko sokatiralari batzuk Euskal selekzioarekin parte hartuko dute 560 eta 600 kilokoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!