Herritarrak entzun eta komunitatearen ametsak benetako politika eta proiektuekin lotzeko plan estrategikoari erantzuteko helburuagaz jarri zuen martxan Zornotzako Udalak Ametsetatik Herrira ekimena. Ekimenak online bidezko inkestak, aurrez aurreko topaketa eta sektoreka antolatutako saioak antolatu ditu. "Ametsetatik Herrirak erakusten du udalerri batek elkarrekin amestu eta erabaki dezakeela, ideiak proiektu ukigarri bihurtuz eta herritarren eta erakundeen arteko lotura sendotuz. Prozesu horri esker, Zornotza etorkizun berdeago, gizatiarrago eta biziago baterantz doa, non herritar bakoitzak zeregin aktiboa duen bere herriaren eraikuntzan", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak.
Emaitzak jendaurrean aurkeztu dituzte amaiera ekitaldian, eta lau arlotan kokatu dituzte dinamika berriak: Zornotzako eraztun berde handia, herritarren bizikidetzan oinarritutako hirigintza, kultura berriak eta kirol jarduerak hartzeko espazio biziak eta etorkizuneko Zornotza.