Beraz, mantentze-lanetarako taldeko kideek 24 orduz dituzue prest giltza-ingelesak zein bihurkinak.
Halantxik gabiltza: furgonetak ondo daudela begiratzen, gasolina botatzen, erretako argi fokuak aldatzen zein soinu ekipoko arazoak konpontzen. Azken finean, horixe da gure betebeharra: Korrikak aurrera egin dezan bermatzea. Berez, Korrikan beti doaz furgoneta bi. Aurretik bata eta atzetik bestea. Gurea, mantentze-lanen taldeko autokarabana, atzerago doa.
Autokarabanan zoazte? Orduan, erreminta artean belarriak tapatzeko zerbait eta kafe makina sartuko zenituzten!
Jakina! Kafe makina, derrigor. Hori beti. Hor daukagu, entxufatuta. Eta lo egiteko tapoiak lehenengo egunetik daramatzat motxilan. Izan ere, Atharratzen, Korrika hasi bezperan, 30 lagunek egin genuen lo gela berean!
Zelan batu zara mantentze-lanetako taldera?
Talde horretako kideak lehenagotik ezagutzen nituen. DJ Bull bera, esaterako, lantaldeko kide da, eta laguna dut. Eta komentatu zidan laster erreleboa beharko zela mantentze-lanetarako taldean. Era berean, Ane Elordi zornotzarra ere ezagutzen dut, Korrikako koordinatzailea. Batak zein besteak Korrikan parte hartzera gonbidatu ninduten. Furgoneten muntaketan egon nintzen, gauzak zelan egiten diren ikasten. Mantentze-lanetarako ikasketak egin nituen, eta oinarrizko gauzak menperatzen ditut, elektrizitateari loturikoak. Lantaldeko beste kide batzuk abilagoak dira mekanika arloan.
Sentitzen duzu ardurarik eta presiorik?
Ardura apur bat bai, baina lasai nago, orain arte Korrika askotan ibilitako jendea daukadalako inguruan. Korrika berezia bada berez, aurtengoa oraindino bereziagoa da niretzat. Korrika jendetsua izatea gura nuke, orain arteko jendetsuena.
Aurten, Zornotzako kaleetan ikusiko zaitugu korrika?
Badut arineketan egiteko asmoa. Korrika goizaldean igaroko da Zornotzatik, eta seguruenik lo gutxi eginda hartuko dugu Bilborako bidea. Izan ere, azken eguna da eta dena puntuan izan behar dugu Korrika Bilbora behar den moduan ailegatzeko. Hiri handietan dena da konplexuagoa, denak egon behar du egoki eta. Dena dela, urtero legez, Zornotzan korrika egiteko asmoa dut. Tabernari legez egingo dut, Luis Urrengoetxea kaleko gainerako ostalariekin batera. Tabernariok urtero erosten dugu kilometroa, eta aurten Urtza eta Far-far tabernetako kideoi egokitu zaigu lekukoa eramatea. Argoitz Argote izango da Urtzako ordezkaria, baina ni ere ondoan izango naiz. Horrez gainera, ordu batzuk lehenago, Zaldibarren egongo naiz Kittu taldekoekin batera, kalejiran atabala jotzen. Zaldibarko kalejira 20:00etan hasiko da.