"Pizkunde bat gura badugu, euskaltzaleok eta euskaldunok batuta egon behar dugu"

Aritz Maldonado 2026ko martxoaren 25a

Ane Elordi, Zornotzan.

Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak Zornotzako AEK euskategian hasi zuen astelehena. Baina laster alde egin behar zuen Eginora bidean, Korrika Altsasutik pasatzean han egon behar zuelako. Korrika martxan da, baina zornotzarrak lan handia du bestela ere. Atharratzen izan zen Korrikaren hasiera ekitaldian, Izaban ere izan zen, eta baita Iruñean ere. Bilbon amaitu aurretik, euskararen aldeko lasterketa erraldoia Durangaldetik pasatuko da, tartean Elordiren jaioterritik, Zornotzatik.

Zelan joan dira Korrikaren lehenengo egunak?
Hasiera oso indartsua izan zen. Esango nuke mugarri historiko bat izan zela Atharratzeko plaza euskararen alde horrela betetzea. Ez dut uste plaza horretan hainbeste jende batu duen beste ekitaldirik egin denik inoiz. Beraz, abiapuntua oso indartsua izan da. Jende kopuru handia joan zen, Euskal Herri osotik. Jende asko eta asko ikusten zen errepide bazterretan, lehenengo kilometroan zein hurrengoetan. Izaban ere izan nintzen, bariku eguerdian, eta hura ere jendez gainezka zegoen. Orduek aurrera egin ahala berdin jarraitzen du, ezta? Batzuetan jende askoko guneak, baina gero tropela txikitzen joaten da, baina halakoetan ere talde handia beti mantendu dela esango nuke. Gure artean komentatu dugu orain arte ez dugula ikusi bost lagun baino gutxiagoko lekuko hartzerik, eta hori garrantzitsua da. Korrika Ipar Euskal Herriko hiriburu bitik pasatu da, Mauletik eta Donibane Garazitik, eta egun jendetsuak izan dira. Zer esanik ez Korrika Hego Euskal Herrira sartu denean. Iruñea gainezka zegoen, eta Korrikak oso harrera beroa izan zuen. Pozarren gaude, lekuko hartzerik gehienak bete egin direlako.

Nazioartetik jasotako babesa ere aipatu gura nuke. Orain, adibidez, eguerdian Eginora (Araba) noa. Han, ANCko, Via Galegako eta Omniumeko kideek Gure Eskukoen kilometroa hartuko dute. Eskertzekoa da nazioartetik datorren babesa, batez ere hizkuntza gutxituak dituzten lurraldeetatik datorrena. Atharratzen bertan, La Pasem, okzitaniera bultzatzeko egiten duten lasterketako kideak izan ziren, eta horregaz ere oso pozik gaude.

Korrikak irudi ikusgarriak utzi ditu. Hasieragaz batera egon ziren ika-miken aurrean, eskertzekoa izango da babes hori ikustea.
Bai, garaia delako "euskara gara" ozen oihukatzeko. Argi daukagu euskarak egiten gaituela euskaldun eta Euskal Herri euskalduna behar dugula euskaraz bizitzeko, eta, besteak beste, beharrezkoa da instituzioek hizkuntza politikak bultzatzea. Pizkunde bat gura badugu, euskaltzaleok eta euskaldunok batuta egon behar dugu.

Bigarren Korrika duzu koordinatzaile lanetan. Esperientziak erraztu egiten dizu lana, ala kontrara, bertigo handiagoa ematen dizu?
Ni bat naiz, baina taldean lan egiten dugu. Nazio mailako talde bat gara, hainbat ediziotan lan egin duguna. Batzuk urte gehiagoan, eta beste batzuk berriagoak gara. Horrela lan eginda asko ikasten da, talde oso baten babesa daukazulako. Lehenengo urtean alde batetik bestera ibiltzen zara, baina apurka-apurka zure bidea egiten duzu gero. Bigarren urtea dut koordinatzaile lanetan, baina aurretik ere ibilita nago beste lan batzuk egiten, prentsako taldean eta furgonetetako taldean. Beraz, Korrika bera ondo ezaguzen dudala esango nuke. Horrek abantaila apur bat ematen dit; baita lantaldea ezagutzeak ere, konfiantza handia ematen didalako. Dena ondo doan neurrian, ez dut gehiago eskatzen.

Bestalde, gizartea zelan dagoen ikusita, ez dugu Korrika bere horretan ekintza isolatu legez ikusten. Oldarraldiaren aurkako mobilizazio batetik gatoz eta Kontseiluak beste deialdi bat egin du ekainerako. Eta tartean Korrika dago. Eta, besteak beste, hainbat helegite aurkeztu da hizkuntza eskakizunen aurka; euskaldunon hizkuntza eskubideak giza eskubideak diren neurrian, horren aldarrikapena ere egiten da.

Testuinguru horretan, Errigora da omendua, eta Korrikaren hasiera ere euskara baztertuago dagoen zonalde batean izan da.
Bai, eta guretzat ere erronka bat izan da Atharratzetik abiatzea, ez delako batere erraza izan muntaketa aldetik; gainera, Korrikaren hasiera horrelako eremu txiki batean izatea ere ez da erraza. Hegoaldean jaieguna izan da eta dena batu da. Aurreko edizioan, Azterketak Euskaraz omendu genuen, euren borrokaren bozgorailu legez, eta jende gehiagok ezagutzeko. Edizio honetan, Errigora izan da omendua, ikusten dugulako jende askorentzat oraindino ezezaguna dela. Urte birik behin gure balioak lehen lerrora ekartzen ditugu. Euskara ardatz duen gizarte honetan euskaraz bizi gura dugu, eta, gainera, Errigorakoekin batera elikadura burujabetza bultzatzen dugu, eta ofizialtasuna ere lehen lerrora ekarri gura dugu.

AEKn igartzen duzue aldaketarik Korrika osteko izen emateetan?
Korrika osteko matrikulazioa ona izaten da. Aurrekoan, Korrika Irunetik hasi zen, eta ikusten dugu ez duela egun bateko rol hori betetzen, gero arrastoa uzten duela, eta Irunen aktibazio txiki bat izan dela euskalduntzean; Gipuzkoako bigarren hiririk handiena da, Donostiaren ondoren. Aurten ere, fokua hamabigarren egun horretan ipintzen ahalegindu gara. Jende asko gerturatzen da Korrikaren bitartez euskarara, eta konpromiso horregaz jarraitzen ahalegintzen gara gero. Orduan, Korrika amaitu osteko egunean balorazioa egiten dugu beti. Horretan, aipatu gura dut guk ere konpromisoa hartzen dugula apirilaren 22an jendarteari euskarazko klase bat doan eskaintzeko; horregaz batera, maiatzaren 21ean mintzodromoak egingo ditugu AEKk euskaltegiak dituen herri guztietan. Modu bat da Korrikara datozen denei esateko ez dela nahikoa euskararen alde egotea bakarrik, euskaraz berba egin behar dela.

Korrika Durangaldera helduko da zapatuan. Gogotsu zaude?
Bai! Herri kirol taldeko kilometroa Miotan hartu dugu aurten, eta bertan parte hartuko dut. Zornotzan ez dakit egon ahal izango naizen. 04:00etan iritsiko da bertara, eta 09:00etan Bilbon egon behar dugu, beraz... Baina bakoitzaren eskualdera heltzea beti da berezia, ezta? Urte askoan esatari aritu naiz, mikrofonoa eskuan, Korrika Zornotzatik ibili den tartean, eta ez banago horren falta igarriko dut. Gainera, Korrikak jende asko batzen du gure eskualdean. Gakoa, esan dudan moduan, hamabigarren egun horretan dago, euskarara hurbiltzeko eta urtean zehar konpromiso hori hartzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!