Komunikazio ez bortitza izango duzu hizpide. Beraz, abiapuntu horrek agerian uzten du komunikazio bortitza egon badagoela.
Noski. Eta denon baitan dago hori. Nire ibilbidean izendapen horrekin topo egin nuenean, ni neu ere ez nintzen termino harekin identifikatuta sentitzen. Izan ere, ez naiz intrusiboa, paperak galtzekoa, eta iruditzen zitzaidan ez nintzela bortizkeriaz dugun ideia sozial horretan sartzen. Alabaina, Marshall Rosenberg psikologo eta bitartekaria deskubrituta, nire bortizkeriak non zeuden ikasi nuen. Izan ere, bortizkeria horiek ez dira zertan izan haserreak edo egundokoak botatzea. Bortizkeria min txikiak zein handiak sor ditzaketen zerbait dela ulertzen badugu, hortik ez gara inortxo ere libratzen. Adibidez, zerbaitek min egiten badigu, isiltasunera jo dezakegu edo hitz egiteko modu desberdina hartuko dugu. Minak, molestiak, txikiak zein handiak izan daitezke. Denok ditugu bortizkeria eta ez bortizkeria.
Hezkuntza zentro batean emango duzu berbaldia. Zeintzuk dira komunikazio bortitzaren aldaerarik ohikoenak ikastetxeetan?
Ikasleak eta seme-alabak guk erakutsi nahi diegun horren aurrean gogotsu, ados, eta sintonian daudenean, heziketa errazagoa da. Baina errealitatean haurrak eta gazteak ez dira beti gurasook edo irakasleek planteatzen dugun horrekin sintonian egoten. Eta hor talka sortzeko aukera asko dago. Horrenbestez, komunikazio ez bortizak dioskuna da erakutsi behar horretan modu setatian jarduten badugu, "ikasi egin behar duzu", "zure hobebeharrez da", "nik ere egin behar izaten ditut gustuko ez ditudanak" eta halakoak esaten, orduan eta gehiago urrutiratzen garela helburuetatik eta hartu-emanetatik. Hori guztia gizakiaren lege naturaletan dago. Izan ere, norbait nabaritzen dugunean gugan zerbait aldatu nahian, zerbait lortu nahian, exijentziekin dabilela, hor erresistentziak sortzen dira. Inportantea da ikustea ikasleekin eta umeekin denok jokatzen dugula bortizki eta ez bortizki.
Badago erremintarik hori guzti hori lantzeko? Zein irizpide dago komunikazio ez bortitza ikasketa komunitatean lantzeko?
Gizarte hezkuntza eta psikopedagogia ikasketak egin nituenean, gatazkaren kudeaketarako erremintak ikasi nituen: enpatia, asertibitatea, mugak. Horiek guztiak teorian ikasi nituen, baina gero, egunerokoan, baldar sentitzen nintzen, teoriak ez duelako beti laguntzen. Eta komunikazio ez bortitza deskubritu nuenean, niretzat zerbait zehatzagoa izan zen. Behar nituen helduleku guztiak eskaintzen zizkidan.
Adibideren bat emango zenuke? Zein erreminta eskaintzen du komunikazio ez bortitzak?
Seguru honako egoera hau irakasle askori gertatzen zaiela: azalpenak ematen egon eta ikasle batzuk kasurik ez egitea. Era berean, zein etxetan ez da gertatzen ohera joateko, mahaia batzeko edo lantxoren bat egiteko argibideak eman eta ez betetzea? Lehenik eta behin, garrantzitsua da argi izatea zer lortu nahi dugun: besteak nik nahi dudan hori egitea ala zerbait desberdina deskubritzea nitaz eta besteaz? Horrek markatzen du bortizkeriarako edo ez bortizkeriarako aldea. Ez hainbeste hitzek eta tonuak. Izan ere, esan dezaket "egingo duzu hau, maitea?", "jasoko duzu hau, laztana?", baina tonu horrek ez du bortizkeriarik gabeko mezua ziurtatzen. Itxuraz ez da bortitza, baina intentzioan bortizkeria ezkuta dezake. Eta ikasleak edo umeak hauteman egiten du hori. Esan dudan bezala, pausorik zintzoena zer lortu nahi dugun argi definitzea da.
Demagun umeek edo ikasleek zeozer batzea edo zereginen bat egitea gura dugula eta eurek ez dutela kolaboratzen.
Adierazi dezakegu egoera horrek, demagun zerbait nahasita ikusteak, ordenarik gabe egoteak, urduritu edo nekatu egiten gaituela eta lasai egon nahi dugula. Hori guretzat zergatik den inportantea argitu behar dugu. Honako hau adierazi diezaiokegu: "Ikusten dut gauzak lurrean daudela eta jolasean jarraitzen duzula. Urduri eta nekatuta nago, eta, lasai egoteko, laguntza eta lankidetza behar ditut. Jolasteari utzi eta gauzak bere lekuan utziko dituzu orain?" Modu horretan, asertibitatea lantzen ibiliko gara, lau elementu aintzat hartuta: Zer ari da gertatzen? Zelan sentitzen naiz? Zer behar dut? Zer eskatzen diot? Jakina, hori guztia norbere alderdian ikusten da, baina kontuan hartu behar dugu beste aldean beste pertsona bat dagoela bere eskakizunekin eta emozioekin. Eta hor enpatiaren erreminta sartzen da jokoan, hain zuzen ere: bere jokabideak zergatik gertatzen diren ulertzea. Kasu horretan ere, lehen aipaturiko lau elementu horietan pentsatzeak lagundu egingo digu. Bi aldeak kontuan izatea garrantzitsua da.
Gurasoak edo irakasleak komunikazio ez bortitza lantzen hasten direnean egoerak aldatzera egiten du?
Jakina. Aldaketa horiek guztiak nik esperimentatu ditudan kasuetan igarri ditut, baita urte hauetan guztietan akonpainamenduan laguntzen diedan irakasleen eta gurasoen kasuetan ere. Dena dela, egiari zor, ezin dugu irudi faltsurik eman. Izan ere, batzuetan pentsa dezakegu era honetan komunikatuta edo umeari beste era honetan zuzenduta gatazkak konponduko ditugula, eta beti ez da horrela izaten. Erraztasunak emateak ez du esan nahi aurrekoa beti kolaboratzeko prest dagoenik. Nire esperientzian oinarrituta, komunikazio ez bortitza oso tresna boteretsua egiten zait gatazkatsuak diren egoeretan geure burua eta besteena ulertzeko. Ulerkorrak eta goxoak izatea, hori bakarrik lortzea, aldaketa handia da norberaren ongizaterako.
Haserretzen garenean, posible da kontentzio lan bat egin eta komunikazio ez bortitza erabiltzea?
Bi profil daude. Haserretzen denean dena kolpetik kanporatzen duena da bata. Kasu horretan, pertsona horren ikasketa kontentzio lana egiten ikastea da. Eta bai, hori posible da. Ez dut sinesten inpultsiboki jokatzen dutenek ez dutela sekula kontentzio lanik egin, beti ez dutelako horrela erantzuten. Beste profilari dagokionez, ez du esan nahi ez denik haserretzen edo mintzen. Baina pertsona horrek joera handiagoa izango du kontentzio lan hori behar baino denbora gehiagoan egiteko eta barrukoa ez kanporatzeko. Isiltasun horretan bortizkeria ere egon daiteke. Horrenbestez, profil horretakoari on egingo lioke gauzak adieraztera ausartzen ikasteak. Bi profilek dute zer ikasi, hau da, haien mina adieraztea parekoa mindu gabe.
Komunikazio aro honetan, sare sozialekin, albiste faltsuekin... komunikazio bortitza ote dabil gailentzen?
Marshall Rosenbergek esaten zuen gizakiak 80.000 urte daramatzala bortizkeriarekin. Orain, horrekin jarraitzen dugu, nahiz eta formatuak aldatu egin diren. Komunikatzeko estrategiak aldatzen dabiltza, eta horra ere iritsi da bortizkeria. Ez dut ikerketarik egin, baina iruditzen zait batzuetan errazagoa izaten dela aurpegirik ez emanda pantailaz besteko distantzia horretatik mezu bortitzak botatzea. Gainera, benetako komunikazioa, aurrez aurrekoa, presentziala, galtzen gabiltzala kontuan hartu behar dugu. Sortzen gabiltzan mundu honek bortizkeria handi batera garamatzala iruditzen zait. Herrialdeetako gatazkak, adibidez, hor daude. Edonola ere, lehengoa esango dut: gerrak eta gatazkak lehen ere bazeuden. Beraz, bortizkeriari erresistentzia jartzen jarraituko dugu, izan ere, Rosenbergek esaten zuen bezala, gizaki guztiok dugu ez bortitzak izateko gaitasuna. Horretan gabiltza.
Azaroaren 12ko berbaldiara joateko interesa dutenei zer esango zenieke?
Harremanez inguratuta gaudelako, eta gure harremanak zenbat eta atseginagoak izan, gure bizitza ere askoz hobea izango delako. Bestalde, gurasooi gehien inporta zaizkigun pertsonak gure seme-alabak direnez, merezi du haiengatik ordu eta erdiko edo ordu biko saiora etortzea. Irakasleei dagokienez, ordu asko ematen dutelako ikasleekin, eta hemengoa baliagarri izango zaielako.
|
Parte hartzeko aukera, zabalik Zornotzako Andramari ikastolak antolaturiko jardunaldi hau doakoa eta zabala da, eta gaiagazko interesa duen edozein herritarrek parte hartu ahal izango du, familiei zein profesionalei zuzenduta daude eta. Beraz, ikastolako guraso eta irakasleez gainera, interesa duen edozein herritar joan daiteke jardunaldira. Ikastolak azaldu duenez, bere helburua "etengabeko hausnarketan eta berrikuntzan jarraitzea" da. Leku faltarik ez izateko, aurrez izena ematea gomendatu dute. Jardunaldietan parte hartzeko informazio guztia eta izen ematea Zornotzako Andramari ikastolaren webgunean dago: www.andramarizornotzakoikastola.eus. Antolatzaileek jakinarazi dute itzulpen eta zaintza zerbitzua egongo direla. |