Euskaraldia 2025

"Euskaraz bizi, pentsatu eta amesten dut"

Anboto 2025ko mai. 13a, 11:38

Michelin izarren distirak ez du Eneko Atxaren izaera eta pentsaera aldatu. Euskalduna eta euskaltzalea, Euskaraldiko hamaikako kide da. Lehenengo berba euskaraz esatearen garrantzia azpimarratu du sukaldari zornotzarrak. 

Euskaraldia martxan da eta Hamaikakoan parte hartzen zabiltza. Zer suposatu du gonbidapen horrek zuretzat?
Gonbidapen hori ez da izen bat zerrenda batean, baizik eta erantzukizun eta konfiantza bat, arnas batean gordetako konpromiso bat. Altxor bat jaso duenaren esker onez, sentitu dut nire txanda heldu dela: isiltasunaren lekuko izan ez, baizik eta euskararen ahots.

Euskaraldian zein modutan parte hartzeko asmoa duzu?
Eguneroko militantziagaz jarraituta, bai etxean familiagaz eta bai kalean lagun artean Ahobizi rolean. Euskaraz hasi, euskaraz iraun eta euskaraz bizi.

Euskarak zein leku du zure lan bizitzan?
Hauxe da niretzat gauzarik gatxena. Asko kostatzen zaigu jendeak bere lan esparru barruan euskaraz egitea. Ahalegina egiten dugu, euskara klaseak ere antolatu ditugu lankideentzat, baina asko daukagu egiteko eta hobetzeko. Hauxe da, dudarik barik, gure erronkarik nagusienetarikoa.

Eta zure egunerokoan?
Euskaraz bizi naiz, euskaraz pentsatzen dut eta euskaraz amesten dut. Etxekoen arteko goizeko gosari lasaietan, bikotekideagaz euskaraz da lehenengo, tarteko eta gaueko azken berba, baita lagunarteko barreetan eta neure buruagaz izaten ditudan pentsamenduetan ere. Ez da atzoko ohitura bat, ezta biharko helburu huts bat ere: gaurko hizkuntza da, orainaren zentzua ematen didana.

Zornotzarra zara. Herrikideak animatuko zenituzke parte hartzera?
Bai, bai. Zornotzarra naiz eta Zornotza herri emankorra dugu, euskaraz hazi eta euskaraz bizitzeko modukoa. Baina lurrik onena ere ureztatu beharra dago. Herrikideei esango nieke: "ez zaitezte beldurtu, esan lehenengo berba euskaraz, eta ikusiko duzue zenbat mundu zabaltzen diren".

Zelan ikusten duzu euskararen egoera zeure herrian?
Hazten dabilen zuhaitz bat legez ikusten dut: sendoa, baina zaindu beharrekoa. Adar berriak ditu gazteen artean, eta erroak sakonak, baina oraindino bada hosto gehiago zabaltzeko, kale, denda, taberna, plaza, jolastoki zein kirolguneetan, eta, batez ere, dakitenen eta erabiltzen ez dutenen etxeetan eta familiengan. Euskara jakitea eta erabiltzea egundoko zortea da, harrotasun handiz erakustekoa. Eta, gainera, hizkuntza goxoa da euskara, jakinduriaz beterikoa, eta erakargarria ere bai. Izan liteke sexya ere, zergaitik ez? Beraz, erabili dezakeenak erabili dezala, eta ez dakienak nahikoa arrazoi du ikasteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!