[BIDEOA]: Mikel Urdangarinek Araba Euskarazen aurtengo abestia egin du

Ekaitz Herrera 2025ko mar. 29a, 12:54

Musikari zornotzarrak 'Arbasoen su txikia (Etenik gabe)' kantua konposatu du Arabako ikastolen aldeko jai handia iragartzeko. Araba Euskaraz ekainaren 15ean egingo da Gasteizen, Olarizuko zelaietan.

Hiru hilabete eskas gelditzen dira Arabako ikastolek beren jai erraldoia ospatzeko, eta apurka-apurka, antolatzaileak hari buruzko xehetasunak ematen hasi dira. Aurtengo Araba Euskarazek Durangaldeko zatitxo bat izango du bere baitan, Mikel Urdangarin musikari zornotzarrak egin du-eta jaia iragartzeko kantua: Arbasoen su txikia (Etenik gabe). Halaber, harekin batera parte hartu dute abestian, ETS taldeko Iñigo Etxezarretak, Iñaki Ortiz de Villalbak (Betagarrik, Modus Operandi), Jon Basagurenek eta Lide Garcia de Kortazarrek (Izaki Gardenak, Pasadena), Iratxe Aguilerak (Kai Nakai) eta Adriana Fernandezek. Musika doinuak berbaz jantzi dituena, berriz, Kirmen Uribe idazle ondarroarra izan da.

Araba Euskarazeko antolatzaileek jakinarazi dutenez, abestiak "euskararen transmisioari, euskara gaur egunera arte ekarri duten hainbat pertsona ezagun eta herritar xumeren ekarpenari egiten die erreferentzia, baita ikastolei eta Araba Euskarazi ere. Alegia, garai zailei, debekuei eta jazarpenari aurre eginez, euskara bizirik iraunarazi zutenei", azaldu dute. Mikel Urdangarinek zehaztu du "erronka polita" izan dela Arabako ikastolen jairako kantua egitea, "baita orain ia hiru hamarkadatik hona aterpetu nauen lurraldearekiko lotura indartzeko aukera aproposa ere" [Urdangarin Gasteizen bizi da egun].

Bastidako ikastolaren alde

Araba Euskaraz jaia ekainaren 15ean ospatuko da Gasteizen, Olarizuko zelaietan. Etengabe izango da aurtengo mezua, eta baturiko dirua Bastidako ikastolarentzat izango da (Arabako Errioxa). Ikastola 1979an sortu zen, hango familien auzolanari eskerrak, eta 132 ikasle ditu gaur egun. Eskualdeko beste bi ikastolekin batera (Lapuebla Labarkako Assa ikastola eta Oiongo San Bizente) Bastidakoa da euskararen sua pizten diharduen hirugarren ikastola Errioxan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!