Okupazio legearen aurkako "ekintza bandalikoak" gaitzetsi ditu Zornotzako Udalak

Anboto 2025ko urt. 17a, 16:20

Udalak ohar batean azaldu duenez, herriko hainbat tokitan, hala nola, tokiko alderdi politikoen egoitzetan edota altzari publikoan, Okupazio Legea delakoaren aurkako kartelak jarri dituzte, "espazio publikoarekiko eta egoitza horien adierazpen demokratikoekiko errespetua urratuz".

"Ekintza horiek aniztasun politikoaren eta bizikidetza baketsuaren aurkakoak" direla azpimarratu du udalak. "Balio demokratikoen aldeko aldarrikapena" egin du udalak eta edozein "iritzi desberdintasun, errespetuz eta dagozkion bideetatik" adierazi behar direla azpimarratu du. 

"Okupazioari buruzko Legea eztabaidagai dago gaur egun. Hala ere, edonolako eztabaidak ezin ditu bandalismoa edo espazio komunen aurkako erasoak justifikatu.

Udalak "balio demokratikoen eta bizikidetzaren defentsarekiko konpromisoa" berretsi du. "Udalerria errespetuzko eta elkar ulertzeko herria izan dadin lanean jarraituko dugu, iritzi ezberdintasunak modu eraikitzailean eta balio demokratikoen baitan kudeatuko direla bermatuz", azaldu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!