Behargin bat hil da lan istripuz, Boroako enpresa batean

Anboto 2025ko urt. 2a, 11:46

Ezbeharra abenduaren 30ean gertatu zen. 

Abenduaren 30ean behargin bat hil zen Boroako industrialdeko enpresa batean, lanean ari zela. Segurtasun Sailak zehaztu duenez, “ezbeharra biltegi batean gertatu zen. Beharginari pieza bat jausi zitzaion gainera”. Lan heriotza eguerdiko 13:30ak aldera gertatu zen. 

LAB sindikatuak ohar bat kaleratu du gertaturikoaren harira. Jakinarazi duenez, langileak 41 urte zituen eta Zornotzako Forest Trafic enpresan egiten zuen lan:“Langilea inbentario-lanak egiten zebilen biltegian, orga-jasotzaile batekin, eta garraiatzen zebilen zamaren zati bat gainera erori zitzaion, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik”, azaldu du sindikatuak. LABek “ikerketa zorrotza” egitea eskatu du, “gertakariak eta kasutik erator daitezkeen erantzunkizinak argitzeko”. Gogoratu duenez, 2015ean beste behargin bat hil zen enpresa berean. 

“63 hildako gutxienez” 

LABek dioenez, 2024an “63 behargin hil ziren gutxienez” laneko istripuetan. 2023an “100.000 lan-istripu baino gehiago” komunikatu zirela ere gaineratu du. “Datuek agerian uzten dute kontrol-neurri gehiago behar direla enpresek lan-osasuneko araudia bete dezaten. Lan ikuskatzaileen kopurua handitu behar da, eta Osalanek zigor ahalmena izan behar du; ez aholkularitza hutsa”, adierazi dute.

Sindikatuak lan-heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!