Euskara sustatzeagatiko lana aitortu diote Ekin enpresari

Anboto 2024ko urr. 23a, 17:06

Ekin enpresako Kontseilu Errektoreko kide Miguel Angel Etxebarria (ezkerretik hasita hirugarrena) eta Giza Harremanetarako arduradun Agurtzane Guerediaga (eskuman).

Zornotzan kokaturiko enpresak urteak daramatza ikasketa egonaldietan ikasle euskaldunak hartzen.

Martitzenean Hizkelan topaketa egin zuten Zornotzako Lanbide Heziketa ikastetxean. Ekitaldian Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 130 eragiletik gora batu ziren, lan munduan eta LH ikastetxeetan euskararen normalizazioa bultzatzeko helburuz. Besteak beste, euskara gizarteratzeko gakoak, egungo hizkuntza eskakizunak eta Lanbide Heziketan eskaintzen diren euskara ikastaroak aletu zituzten. Bertaratuen artean, ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, enpresetako ordezkariak, hizkuntza zerbitzuetako teknikariak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egon ziren. Azken horien artean, Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuorde Jon Labaka.

Ekitaldian zehar Laneki sariak banatu zituzten, lantokietan euskara bultzatzen duten enpresen lana errekonozitzeko asmoz. Sarietako bat Zornotzako Ekin enpresak jaso zuen. Bertako Miguel Angel Etxebarriak eta Agurtzane Guerediagak jaso zuten oroigarria. Ekinek urteak daramatza ikasketa egonaldietarako Lanbide Heziketako ikasle euskaldunak hartzen. Saria jaso zuten gainerako kideak Alberto Telleria eta Rikar Lamadrid izan ziren. Lehenengoak Lanbide Heziketako ikasmaterialak sortu eta zuzendu ditu. Bigarrena Laneki elkarteko presidente ohia da, Laneki hasieratik bultzatu zuen kideetariko bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!