Estatus berri bati buruz berba egiteko "nahikoa zume dago" EAren ustetan

Anboto 2024ko ira. 23a, 10:16

Alkartasun Eguna Zornotzan ospatu du EA alderdi politikoak. Eusko Alkartasunako ehun afiliatu baino gehiagok parte hartu dute Zornotzan egindako hitzorduan, Nazio Zuzendaritzako eta Kontseilu Nazionaleko kideekin batera. 'Ekin etorkizunari lelopean egin dute topaketa. 

Zornotzako Zubiondo parkean egindako ekitaldi politikoan,  Eba Blanco EAko idazkari nagusiak estatus berri bati buruz hitz egiteko "zume demokratiko nahikoak" daudela azpimarratu du. "Estatuarekiko harreman eredu berri bati buruz aritzeko, non euskal gizarteak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aitortuko den. Estatus berria beharrezkoa da, Gernikako Estatutua bete ez den 45 urteko esperientziaren ondoren. Izan ere, eskumenak Madrilek nahi izan duenean edo gobernua premia-egoeran egon denean bakarrik transferitu dira, baina ez hitzartutakoa betetzeko borondate politikoa zutelako".

Basterretxeari omenez

EAk, bestalde, Nestor Basterretxea artista eta afiliatu bermeotarra omendu du bere jaiotzaren mendeurrena dela baliatuta. "Basterretxeak artea mundua eraldatzeko tresna gisa ulertzen zuen", nabarmendu du Blancok. Nestor Basterretxea alderdiko afiliatua izan zen 2014an zendu zen arte. Gorka Basterretxea semeak jaso du pieza familiaren izenean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!