Jauregizahar eta Erkoles auzoetako hobekuntza lanen ondotik, Zornotzako Udalak auzoen Hobekuntza Plan Integralean aurreikusitako lanak gauzatzen jarraitzen duela jakinarazi du prentsa oharrean. Planak helburu du auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea eta tokiko gobernuak "auzoetako azpiegiturak garatzeko eta hobetzeko duen konpromisoa azpimarratzen du, auzoek eta auzotarrek udalarentzat duten lehentasuna nabarmenduz".
Arkotxako lanak
Errepideko zuloak konpondu eta inguruko bidea asfaltatu ditu udalak. Horrez gain, eta eremuko segurtasuna hobetzeko, argiztapenean ere hobekuntzak egin ditu. Hain zuzen 4 farola berri jarri ditu eta horri esker, nabarmen hobetu da eremuko argiteria eta ikuspena, bidea seguruagoa eginez bai oinezkoentzat, baita ibilgailuentzat ere. Bi esku-hartze horiek, gainera, herritarren eskaerari erantzuten diotela gaineratu du udalak.
Aipatutako lan horiei, Eubatik Belaustegirainoko oinezkoen bidean, Belaustegiko errepidean eta Euban inguruneko irisgarritasuna hobetzeko baranda bat jartzeko egindako lanak gehitzen zaizkie. Esku-hartze horiek guztiek bizilagunen ongizatea eta auzoen segurtasuna nabarmen hobetzea dute helburu.
"Modu honetara, Zornotzako Udalak garapen iraunkorrarekin eta espazio publikoen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa berresten du, auzoek eta bertako biztanleek korporazioarentzat lehentasuna dutelako. Auzoetan Hobekuntzak Egiteko Plan Integral honen bidez, inguru seguruagoak, eskuragarriagoak eta lagunkoiagoak sortu nahi dira eremu horietan bizi diren zornotzar guztientzat", gaineratu du udalak.