Zornotzako Udalak Arkalaz, Herrigintzan bat ekimena ipini zuen martxan, 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien beharrak ezagutzeko helburuagaz. Udalak 250 ekarpen jaso ditu. "Beharrizanen ikuspegi integrala izate aldera, gurasoek eta udalerriko haur eta gazteek hainbat gairen inguruan duten iritzia gertutik ezagutu gura dugu, eta, horretarako, galdetegi bat bidali diegu, familia zornotzarren ongizatea hobetzen jarraitzeko eta egungo zerbitzuak, jarduerak eta azpiegiturak udalerriko familien errealitatera, beharretara eta lehentasunetara egokitzen jarraitzeko", azaldu dute udal iturriek. Horrez gainera, ekarpenak "banan-banan" aztertzeko konpromisoa hartu du udalak. "Familia zornotzarrak zaintzea lehentasun bat da gobernu talde honentzat, eta herritarrek politika publikoen diseinuan parte hartzea funtsezkoa da elkarregaz herritarren beharretara egokituriko etorkizun inklusiboago baterantz aurrera egin dezagun", azpimarratu du Ainhoa Salterain alkateak. Familiei zuzenduriko galdetegian, aisialdiari, zerbitzuei eta azpiegiturei buruz galdetu diete.