EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen atzo Zornotzan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen testuinguruan. Bertan izan ziren Bizkaiko hautagaitza osatzen duten Iker Casanova eta Edurne Benito del Valle zerrendakideak. Casanovak adierazi zuenez, EH Bilduk "ilusioaren botoa" eskatzen du "beste batzuek beldurrarena" eskatzen dutenean. Koalizio subiranistaren bozeramaileak gaineratu zuenez, "EH Bilduk lortuko dituen emaitzak ez dira kasualitatea; azken urteetan ondo egindako lanaren ondorio baizik". Bere esanetan, herritarrak, "politika egiteko modu berri bat eskatzen" dabiltza, "Bizkaiko hiriguneetan bereziki". Politika eredu hori "ustelkeriarik gabekoa" litzateke, "helburu bakartzat pertsonen interesak eta politika sozialak" dituena.
Edurne Benito del Valle hautagaiak ildo beretik egin zuen berba. Euskal Herria "bor-borka" dagoela esan zuen. "Azken asteei begiratzea soilik ez dugu, Korrikatik hasita, gazte topaguneak edo Aberri Egunak adierazi dute udaberria iritsi dela. Eta larunbateko Athleticen garaipenak iragarri du aldaketarako zantzuak bizi ditugula, eta urte luzeko bolada ilunen ondoren, aria badagoela", adierazi zuen Benito del Vallek.