Irunen gaude. Udal plaza topera dago. Hartu duzu mezu anonimoa, sartu duzu lekuko barrura, eta Aurrera Korrika! oihukatu duzu. Hasi da manifestazio erraldoia. Zelan, eta mugak apurtuta gainera.
Bai, horixe aldarrikatzen dugu, ez dagoela mugarik. Gure muga bakarra euskara da. Hiru administrazioetan mugitzen gara, zazpi euskal lurraldeak zeharkatzen ditugu, eta euskarak baino ez digu ibilbidea mugatzen.
Donapaleu, Maule-Lextarre, Donibane Garazi,... Korrika aurrera doa Nafarroa Beherea eta Zuberoa zeharkatuta. Eta Pirinioetako errepideetan elurrik balego?
Gertatu daiteke. Eta egunotan dugun eguraldia ikusita, batek daki zer etorriko zaigun! Aurreko edizioan sorpresaz harrapatu gintuen elurrak. Eta aurten aurreikuspen batzuk landu ditugu, zeozer gertatuko balitz arazoari aurre egiteko. Dena dela, Pirinioak nekazaritza eremua dira, eta kasu horretan seguru nago bertako herritarren laguntza jasoko genukeela. Lar arduratuta ere ez gaude (barrez). Korrikak beti lortzen du aurrera egitea. Furgonetagaz ezin dugula? Bada, oinez igaroko dugu.
Eta, halako batean, begien aurrean, Iruñea. Korrikak bisitatuko duen lehenengo hiri handia.
Nafarroako hiriburua, Iruñerria eta Nafarroako zati handi bat lehenengo zapatuan zeharkatuko ditugu. Iruñea garrantzitsua da, beste hiri askotan legez jende-masa handia batzen delako. Baina, horrez gainera, azpimarratzekoa da aldarrikapenerako eremua ere badela. Gure mezuak zabaltzeko aprobetxatuko dugu.
Erriberan sartu gara. Tutera, Arguedas, Bardeak... Euskal Herriko eremurik sikuenetarikoa izateko, euskarak lore politak ditu hor behean.
Bai. "Erriberan beteko ote ditugu kilometroak?" Beti dugu hori pentsatzeko joera. Baina han ere badaude euskalgintzan dabiltzan herritarrak eta eragileak. Egundoko elkarlana egiten dute, oso lan garrantzitsua. Tartean daude Errigora eta Agerraldia moduko egitasmoak. Denen artean ingurua euskalduntzeko ahalegina egiten dute. Merezi dute aitortza hori.
Eta lekuko aldaketekin, lurralde aldaketa. Korrika Lizarratik Arabara sartuko da. Aspaldiko partez, Arabako Errioxako biztanleek kopa bat ardo eskuan egingo diote ongietorria Korrikari.
Edizio guztietan ahalik eta lurralde eta eskualderik gehien zeharkatzen ahalegintzen gara, baina beti ez da erraza. Geografiak bere baldintzak ipintzen dizkigu. Bada, aurten, Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa, biak, zeharkatuko ditugu. Gu pozik gaude horregaz, eta bertako biztanleak ere pozarren daudelakoan nago. Seguru nago Korrikak harrera bikaina izango duela eskualde horietan.
Gasteizko kaleetan makina bat buelta eman eta gero, hiriko bihotzean sartuko da lasterketa. Aiztogile kalean, 'Kutxin', festa giroan. Honako irudi hau etorri zaizu burura: Harro Herri.
Dudarik barik. Festa eta 'Kutxi' eskutik lotuta egoten dira sarri. Baina ez dezagun ahaztu Korrikaren helburua zein den. Euskararen kontzientziazioa da erronka. Aldarrikapenerako hamar egun izaten dira. Jai giroa bai, baina Korrika zertarako den presente izanda.
Sakanatik aurrera, Ultzama eta Larraun eskualdeetara helduko gara. Biztanle gutxiko herriak, baina denek argi dute ez dutela atzerapausorik emango. Burugogorkeria hori beharrezko dugu oraindino?
Bai, bai. Aipatu dituzun eremuez gainera, Arabako beste hainbat zonalde datorkit burura. Beharbada ez dira eremu populatuak, baina bertan batzen dituzten gogoa, indarra eta jarrera oso garrantzitsuak dira. Indar horri eskerrak egingo dugu aurrera.
Gipuzkoako zati handi bat zeharkatuta, Bizkaia Maite. Eta herri txikietan, ekintza txikiak. Guraso talde batek antolaturiko txokolatada, lagunarte batek antolaturiko afaria eta parranda. Korrikak aurpegi asko ditu.
Korrika aitzakia ezin hobea da mahai baten bueltan batzeko. Segun zein den zure herritik igarotzen den ordua, Korrika pasatu baino lehenago edo Korrika behin pasatuta egingo duzu ekintza hori. Azken finean, elkartzeko modu bat da. Komunitatea, herria, sareak,... hori guzti hori batzeko aukera eskaintzen du Korrikak. Neuk ere badut planen bat edo beste. Ea dena aurreikusiriko moduan doan eta halako plan txikiez gozatzeko aukerarik dudan.
Bizkaiko herrietan bueltaka ibili eta gero, Bilbora ailegatuko gara, gure city metropolitarrera. Euskara metropolietan bizi bada, gainerako eremuetan ere biziko da?
AEKn argi dugu aurretik lan handia dugula hiriburuak euskalduntzeko. Gune populatuetan euskaratik eragitea beharrezkoa da, horregaz eremu batzuetan euskaraz eroso bizi ahal izateko. Eta Bilbon ere badugu erronka hori.
Bertan Bilbo, eta bertan Durangaldea. Korrika gure eskualdera helduko da. Nondik eta zure jaioterritik, Zornotzatik sartuta.
Bai. Zornotzatik sartu, Durangaldea zeharkatu... eta Urkiola igotzen hasiko gara! Ibilbidea diseinatzea izaten da lanik neketsuenetariko bat. Eskualderik eskualde dauden beharrizanei erreparatzen diegu; adibidez, aspaldi zein herritatik igaro ez garen aztertuta. Eta, Durangaldean, Mañaritik eta Izurtzatik aspaldi pasatu ez garela ikusi genuen, eta apustu bat egitea erabaki. Horrenbestez, Mañaria eta Izurtza ibilbidean sartzea erabakitzen duzun momentutik, aukera bi baino ez dituzu: Urkiola bajatu edo Urkiola igo. Eta gora egitea tokatu da. Seguru nago jendeak gogotsu egingo duela arineketan Urkiolan gora.
Debagoiena, Goierri, Tolosaldea, Donostia... eta Pasaiako badia. Ibilbideko irudirik bitxienetariko bat hor, Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera lekukoa itsasoz igarotzen da eta.
Bai. Azken urteotan Albaola itsas fabrikara sartzeko ohitura izan dugu, baina aurten ez dugu hori egingo. Edozelan ere, lekukoa itsasoz igaroko da. Furgoneta Pasai San Pedron geratuko da, eta lekuko eroalea txalupan joango da Pasai Donibanera. Hurrengo lekuko eroalea bertan egoten da zain.
Eta, azkenean, azken txanpan sartuko gara. Lapurdiko herriak zeharkatu ostean, Korrika Baionako karriketan ibiliko da bueltaka. Herriko Etxearen aurreko plaza jendez gainezka, txalo artean. Zer titular irakurri gura zenuke euskal hedabideetan?
Honako hau: Euskarak Baionako kaleak kolapsatu ditu. Horixe gura dugu. Euskaraz harro bizi gura duen herri bat dagoela erakutsi gura dugu. Gainera, Ipar Euskal Herrian irudi hori ematea oso garrantzitsua delakoan nago.