Zornotzako Udalak 2024-2026 urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du. Udalak "euskara sustatzeko eta zaintzeko konpromisoa" berretsi du. Herritarrak animatu dituzte proposatuko diren egitasmoetan parte hartzera:
Datozen urteetarako hiru erronka nagusi identifikatu dituzte:
- Sentsibilizazioa: alde batetik, euskal gaitasuna nagusi duten hiztunen artean, hizkuntzaren transmisioan duten garrantziaz kontzienteago izateko; bestetik, erdal gaitasuna nagusi duten hiztunen artean, euskararen errealitateaz jabetu eta euren hizkuntza gaitasuna hobetzen joateko.
- Interakzioa bideratzea: beharrezkoa da euskal hiztunen arteko interakziorako sareak sortzea, interakzioetan, eta ondorioz, ohituretan eragiteko. Euskaldunak herritar aktibo bilakatzea ezinbestekoa da ahalik eta jende gehiena euskaraz egitera motibatzeko.
- Gaitasuna areagotzea: euskaraz maila ona eduki arren gaztelaniaz bestekoa ez duten horien gaitasunean eragin behar da. Halaber, euskaraz ezertxo ere ez, edo oso-oso gutxi dakitenengan eragiteko bide erakargarri eta eraginkorrak bilatu behar dira; besteak beste, atzerritik etorritako jendearengan eragiteko eta horiek euskarara hurbiltzeko. Bide horretan, harrera protokolo eraginkorrak diseinatzea ezinbestekoa izango da.
Ekintza planari buruzko xehetasunak Zornotzako Udalaren web orrian topatu daitezke.