Elkarrizketa politikoak

“2024ko inbertsiorik handienetariko bat Urgozo kiroldegikoa izango da”

Jone Guenetxea 2024ko urt. 19a, 09:00

Urgozo kiroldegia, Jauregizaharreko berrurbanizazioa eta Nafarroa Zentroko obrak dira aurtengo hirigintzako inbertsio nagusiak Zornotzan. Egitasmo horiei buruz berba egiteaz gainera, Ainhoa Salterain (Zornotza, 1970) alkateak bizikidetzari eta memoria historikoari buruzko galderei ere erantzun die.

Zelakoak izan dira lehenengo hile hauek alkate karguan?
Oso intentsoak. Ohore handia izan zen, lehenengo eta behin, alderdiaren proposamena jasotzea, eta baita hauteskundeak irabaztea eta gobernua osatzeko aukera izatea ere. Ohorez eta erantzukizunez hartu nuen ardura hori, eta ildo bi horiek konstante bat dira niretzat.

Zeintzuk dira 2024ko erronkak?
Aurrekontuei lotuta, azaroaren 17an aurrekontua onartu aurretik, Agintaldi Plana onartu genuen. Plan horretan, legealdi osorako ildo nagusiak agertzen dira. Programa bategaz aurkeztu ginen hauteskundeetara, eta ildo nagusiak berdinak dira: familiak, auzoak, jasangarritasuna, kultura eta gure nortasuna zein den, hurbiltasuna eta erantzukizuna kudeatzerakoan. Horiek dira gure sei lerro nagusiak eta aurrekontu planean txertatuta daude. Azkenean urteko aurrekontua kudeaketa tresna bat da.

Zeintzuk dira 2024ko aurrekontuen lerro nagusiak?
34 milioi euroko aurrekontua dugu 2024rako. Partaidetza prozesuetan eta aurrekontu parte hartzaileetan agertzen diren inbertsio batzuk sartu ditugu aurrekontuetan. Bestalde, gobernu talde modura programa bategaz aurkeztu gara eta hor ere pausoak eman behar ditugu programa hori gauzatu ahal izateko. Inbertsioen artean, Urgozo kiroldegia, Jauregizaharreko urbanizazioa eta Nafarroa zentroa daude, besteak beste.

Zelan doaz Urgozo kiroldegiko obrak?
2024ko inbertsiorik handienetariko bat Urgozo kiroldegikoa izango da. Ez da Zornotza Saskibaloi taldearen eraikin bat izango bakarrik. Zornotzan kirol instalazioen beharrizana dugu. Ixerbekoa oso zaharkituta dago. Hori ez da bertan behera geratuko eta hor ez dira etxebizitzak eraikiko. Baina berriztu eta gero beste kirol eta ekintza batzuk egiteko erabiliko da. Udabarri taldeak, esate baterako, hantxe entseatzen du. Gure asmoa da Udabarri eta beste elkarte batzuen egunerokotasuna Urgozora eramatea. Izan ere, eraikin berrian erabilera anitzeko gela bi egongo dira. Era berean, Zornotza Saskibaloi Taldea eta talde horretako umeak ere bertan entrenatuko dira, talde asko dituzte eta. Gainera, neguan azoka edo kontzerturen bat egin gura badugu orain frontoian egiten dugun legez, beste leku bat erabilgarri izatea da helburua. Zornotzak 20.000 biztanle ditu eta hainbat gauza antolatzen da ia astebururo.

Beste proiektu esanguratsu bat Jauregizaharreko urbanizazioa izango da. Zertan datza?
Jauregizaharreko urbanizazioa ekainean hastea espero dugu. Sei hileko iraupena izango du. Erdigunean plaza bat sortu gura dugu. Argiteria berriztuko dugu, kontainerrak aldatuko ditugu, lurzorua egokituko dugu... Jauregizahar irisgarria eta egokitua izango da.

Nafarroa Zentroan ere aurreikusi dituzue obrak.
Nafarroa Zentroa faseka egin dugu eta beheko solairua geratzen zaigu. Solairu horretan, momentu honetan ile-apaindegia, podologoaren kontsulta, jubilatu elkartearen egoitza eta taberna daude. Zerbitzuak berrantolatzeko aprobetxatuko dugu obra. Alde batean kanpoko enpresak egongo dira, lehenengo arreta hor egoteko. Eskuma aldean taberna eta egoitza egongo lirateke. Jubilatuek asko erabiltzen duten lekua da, eta oso erraz dago bertara joateko, herri erdian.

Ortu ludikoak sortzeko asmoa duzue. Zein da helburua?
Astepen ortu ludikoak sortzeko asmoa dugu. Gune horretan baserri bat dago eta bere teilatua konpondu behar dugu. Eraikin hori ortuen erdiko elementua izango litzateke. Aurten 310.000 euroko inbertsioa aurreikusten dugu. Arlo honetan hainbat gauza landuko dugu. Zornotzako Iraunkor elkarteagaz eta ekoizle batzuekin kontaktuan gaude. Jon Bastante ekoizlea prest dugu laguntzeko. Eurek badute lehen sektorearen inguruko jakintza eta ortu hauek zelan antolatu eurekin pentsatu gura dugu. Ortuen helburua ez da bakarrik etxean jango ditugun ortuariak ekoiztea. Pertsona nagusientzat derrigortasun bat izatea bertara joateko, Astepera joan egin behar da eta. Gazteekin ere berdin gertatzen da.

Autokarabana parking bat ere aurreikusi duzue. Non kokatuko litzateke?
Aspaldiko eskaera bat da. Autokarabanen parkinga urtero agertzen da aurrekontu parte hartzaileetan. Proiektu xume bat izango da. Tourragaz proba bat egin genuen eta Barnetegi aurrera eraman genuen. Kokapenari dagokionez, lekurik onena zein izan daitekeen aztertzen gabiltza. Zornotzak hainbat leku ditu, baina euretariko askok urak hartzeko arriskua dute . Larrabetzuk eta Mungiak oso proiektu politak dituzte eta hori guzti hori aztertzen gabiltza. Aurten martxan ipintzea espero dugu.

Alexandru Ionita gazte lemoarrari Zornotzan emaniko jipoiekin lotuta, Bizkaiko Auzitegiak zazpi pertsonaren kontrako epaiketa hasi du aste honetan. Azken urteetan hainbat eraso salatu dute herrian. Gertaera horien aurrean, udala arduratuta dago?
Jakina, horrelako jarrerek asko arduratzen gaituzte. Bizikidetzari loturiko arazoak direla esango nuke. Ekainean hiru urte joango dira eraso baten harira lanketa bat egiten hasi ginela Zornotzako zazpi ikastetxeetan. Elkarlan hori martxan da eta momentu honetan gazteak eurak diagnostiko bat egiten dabiltza. Zein aisialdi gura duten, herrian eurentzat zer antolatzea gura duten eta horrelako galderak. Bizikidetzan eta balioetan sinesten dut. Pausoak eman ditugu eta prozesu horretan gazteek, guraso elkarteek eta ikastetxeek parte hartu dute. Horrelako proiektuak ez dira tangibleak, ez dute emaitza bat ematen egun batetik bestera, baina nabaritzen dira. Bizikidetza lantzen duzunean eragina du. Horrek ez du esan gura horrelako barbaridaderik gertatuko ez denik, tamalez hori ezin delako bermatu.

Sorpresa handia izan zen Zornotzako hilerrian hiru hobi komunetan 51 pertsonen gorpuzkiak aurkitu izana. Herrian bazenuten horren berri?
Bai eta ez. Edadeko pertsonek esan izan duten gauza bat da. Egunero gurutzatzen naiz Javi Zabalagaz eta beti esan dit hor bazegoela zeozer. Eurek tailer bat zuten hilerriaren parean, eta umetan hantxe jolasten ziren. Hobi komunak agertu diren belargune horretan lurra mugitu egiten zela esaten zuen. Aurreko legealdian, Luciano Martinez zinegotziak gai honen ardura hartu zuen. Memoria historikoari lotuta, 2023an hainbat liburu argitaratu zen.

Hainbeste denbora pasatuta hilerriko espazio hori errespetatu izanak izango du azalpena.
Karmelon emakumeen kartzela egon zen, eta odol bankua ere bai. Oso gauza arraroa da. Zornotzako hilerrira sartu eta eskuma aldean lurzoru bi ia hutsik daude. Arraroa da hilerria hazten joan ahala hor ezer ere egin ez izana. Lourdes Herrasti Aranzadiko arduradunak dioenez, beti dago arrazoiren bat. Lekuak errespetatzen direnean, zeozergaitik izaten da. Niretzat hunkigarria izan zen hobi komunetako gorpuen ordena ikustea. Aranzadiko arduradunek azaldu zutenez, gizonezkoak ziren denak, batzuk, ospitaletik ekarritakoak, metrallagaz edo zauriekin zeudelako. Zornotzako eta inguruetako basoetatik ekarri zituztenak bereiztu egiten dituzte. Ezkerraldean, frontean ibili zirenak agertu ziren. Lau txapa agertu dira, eta baita poteak ere.

Orain, gorpu horiek identifikatzeko momentua da. Baduzue fase horren berririk?
Albistea entzun eta gero, familia ugari ipini da gugaz hartu-emanean identifikaziorako. Gai hori Gogora Institutuaren bitartez bideratzen gabiltza.

Hilerriko ikerketak aurrera jarraitzen du?
Aranzadik hainbat eskaera egin digu hilerrian egiten dabiltzan ikerketagaz jarraitzeko. Aldaketa horiek baliatuko ditugu dolu perinatalari lotuta jaso ditugun eskaerei erantzuteko.

Eskaera horiei begira, zein erantzun emango duzue?
Aurten proiektu bat eskatuko dugu, eta gure konpromisoa da hilerrian leku bat ipintzea errespetua adierazteko eta familia hauen mina kontuan izateko.

Memoria historikoari lotuta, emakumeen kartzelari buruzko dokumentala grabatzen zabiltzate.
Bai, dokumentala grabatzen gabiltza. Ikus-entzunezko horren grabazio batean emakume batek esaten zidan arraroa dela hilerriko hobi komunetan gizonak bakarrik agertu izana. Lekukotza horrek dioenez, bere amak esaten zuen Karmelo ospitaletik hainbat gurdikada haur eta emakume irteten zela. Baina ez dakigu non lurperatu zituzten. 2024an zehar dokumentala prest izatea espero dugu. Gure historia da eta gai horren inguruan sakontzea aurrerapauso bat dela uste dut.

Zornotzako auzoek zeintzuk beharrizan dituzte?
Zornotzako aberastasunetariko bat auzoak dira. Hainbat auzo dago, baina lau nahiko handiak dira eta nahiko elkarte indartsuak dituzte. Etxano, Boroa, Euba eta San Migel. Lan ildo garrantzitsu bi ditugu. Bata auzoko jaiak berreskuratzea da. Uda honetan auzo guztietako jaietara joan gara. Ezin duzu imajinatu zenbat eskertzen duten hara joatea eta babesa adieraztea. Horri lotuta, kultura auzoetara hurbiltzea. Etxanon eta Boroan txokoa dago, baina Euban eta San Migelen tabernak egon dira eta zarratu egin dituzte. Azken bi hauek auzoko topagunea ziren. Auzoetan ekintzak antolatzea da gure proposamena. Batez ere adineko pertsonentzat antolatzen diren gauzak etxera eraman behar dizkiezu. Horretarako, auzo elkarteekin elkarlanean lan egin behar dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!