23. Korrika

[BIDEOA]: “Oso presente eduki behar dugu Korrika aldarrikapenerako ekimena dela”

Tokikom 2024ko urt. 12a, 11:40

Korrika martxoaren 14an hasiko da, Irundik, eta martxoaren 24an Baionara helduko da. Hamaika egun euskararen alde korrika, eta, poliki-poliki, ari dira aurtengo edizioaren xehetasunak ezagutzen. Atzo aurkeztu zuten 23. edizioko ibilbidea; hori eta aurtengo edizioari buruz gehiago jakiteko, Korrikaren koordinatzaile Ane Elordi elkarrizketatu du TOKIKOMek.

Orain urtebete pasatxotik zaitugu Korrikako koordinatzaile. Zer moduz?
Ondo. Korrikako arduraduna izatea izugarrizko ardura da. Nik beti esaten dut lan hau ez dela bakarrik egiten. Talde handi baten laguntza jasotzen dut eta egunerokotasunean taldean aritzen gara. Apurka-apurka, bagoaz edizioa prestatzen.

Zertan igarriko da gidaritza aldaketa hori?
Bakoitzak bere aletxoa ipintzen dio. Nik garrantzi handia ematen diot taldeari. Azkenengo ikasturtean askotariko hausnarketak eraman ditugu aurrera. Esaterako, gizarte erantzukizuna landu izan dugu, eta aztarna ekologikoa. Korrikak arropa ateratzen du eta arropa hori nondik datorren aztertu dugu; materialetan ere berrikuntzak egiten ahalegindu gara. Euskarriei dagokienez, Korrika hurbildu ahala Euskal Herri osoa apaintzeko ardura hartzen dugu, baina apainketa hori, sarri, plastikoz egin izan dela iruditu zaigu. Orduan, beste modu bateko apainketa batzuk sustatzen gabiltza.

Zelan definituko zenuke Korrika?
Korrika zerbait bada, nire ustez, emozio-jai bat da, baina ezin dugu ahaztu, sarri, jai horretan geratzen garela eta oso presente eduki behar dugula aldarrikapenerako ekimena dela. Euskararen inguruan antolatzen den Euskal Herriko ekimenik erraldoiena da. Gizarte osoa mugiarazten du eta muga bakarra hizkuntza bera da. Orduan, oso ekimen potentea da.

Eta zelan hartu tamaina? Zelan egin patxadazko antolaketa bat? Zelan ari zarete?
Ez da erraza, baina bagabiltza. Eguneroko lana da. Batzuek Gabonetako oporrak izango zituzten orain gutxi. Gu, beste martxa batean, baina lanean ibili gara, eta apurka-apurka. Gustura egiten den lana da, eta, behin Korrika amaituta, orduan hartuko dugu atseden.

'Harro herri' lelopean egingo da; azaldu iezaguzu hitz pare horren ideia.
Batetik, azpimarratu gura izan dugu badela momentua euskaraz harro bizi gura dugula eta bizi garela adierazteko. Harro, baina ez konforme. Aldi berean, lehen esan dut Korrika aldarrikapenerako egitasmoa dela, eta ezin dugu ahaztu azaroaren 4an Kontseiluak deitutako manifestazio hartan bildutako jende guztia. Hori da, gure ustez, badagoela gogo bat euskaraz Harro herri sortzeko. Orduan, gutako bakoitza nahiz eta ezberdina izan, bakoitzak bere iritzi, pentsaera eta jokaerak izango ditu, baina hizkuntzak berak batuko gaitu. Euskaraz batuta sortuko dugu komunitatea Harro herri.

Aurtengoari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?
Aurtengoa Irundik hasiko da eta Hondarribiraino joango da. Adibidez, hor joan-etorria, ez dago aukera askorik. Eta gero, Ipar Euskal Herrira sartuko da. Ipar Euskal Herri osoa zeharkatu eta Zuberoatik Nafarroara joango da. Azken edizioetako joera Erribera inguruan asteburua egitea izan da. Gainera, Euskal Herriko talde, elkarte eta lagun asko batzen da inguru horretan Korrikaz gozatzeko. Badelako beste modu bat, norberaren herrian bai baina beste leku batzuetara ere joateko. Gero, apurka gorantz joango da: Arabara, Gipuzkoara eta Bizkaira. Beti kontuan izaten da aurrekoan nondik ez ginen pasatu edo noiz pasatu ginen azkenengoz. Badira leku batzuk lau urterik behin ikusten dutenak euren herrian Korrika. Horrelakoak ere kontuan izaten dira. Nabarmentzekoa da, adibidez, Durangaldean aspaldi ez dela igaro Mañaritik. Aurten bai. Gero, Urkiola mendatea igo beharko da. Elantxobetik ere pasatuko da. Horrelako keinutxoak egin dira.

Parte hartzeko moduei dagokienez, zelan parte hartu daiteke Korrikan?
Eskaintza kulturala izugarria da. Kilometroak eskuratu eta korrika egitea izan daiteke modu bat, espaloitik txalo egin eta animatzea… Gure webgunean horiek guztiak bilduta daude. Arropa ere atera dugu, ekarpen ekonomikoa egiteko moduak asko dira: Korrika laguntzaile bihurtu, herririk herri antolatzen diren batzordeetan antolaketa lanetan aritzeko. Sarri AEK-ko kideon esku geratzen den lana da, baina Korrika batzordeak ia herri guztietan sortzen dira. Aukerak, milaka.

Urte birik behin, hamaika egun eta hamar gau lasterka. Eta gero zer? Zertarako baliatu beharko litzateke Korrikak bistaratutako indarra?
Sarri, kezka hori guk geuk ere izaten dugu. Horretan badugu lana eta erronka. Lehen esan dudan modura, azaroaren 4an indar agerraldi bat egin zen, herriak erantzun zuen. Orain, Korrika dator, eta herriak erantzutea espero dugu. Gero Euskaraldia etorriko da. Orduan, denon artean asmatu beharko dugu zikloka aritzeko eta indar hori metatu eta erabiltzeko modua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!