Zornotzako Udalak 2023ko Udal Enplegu Plana onartu du 11 langabetu kontratatuz

Anboto 2023ko abe. 28a, 11:28

Herriko bederatzi langabetu kontratatu ditu udalak (zortzi peoi eta talde-arduradun bat) sei hilabeterako. Eta horri, bi kontratazio berri gehitu behar zaizkio; kasu honetan gazteak kontratatu dira, urtebeteko iraupeneko kontratuekin.

Zornotzako Udalak 2023ko Udal Enplegu Plana onartu du, "udalerriko enplegua hobetzeko tresna moduan", herriko bizilagunak kontratatuz. Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak azaldu duenez, "udalak enplegua garapen pertsonalerako, kohesio sozialerako eta garapen ekonomikorako eta gizarte lehiakor eta sozialki aurreratu batean aberastasuna sortzeko elementu nagusitzat hartzen du".

11 lanpostu berri Zornotzan

Azaroaren hasieran iragarritako kontratazioari esker herriko bederatzi langabetu kontratatu ditu udalak (zortzi peoi eta talde-arduradun bat) sei hilabeterako. Eta horri, bi kontratazio berri gehitu behar zaizkio; kasu honetan gazteak kontratatu dira, urtebeteko iraupeneko kontratuekin. Azken bi kontratazio horiek administrazioko eta ingurumeneko teknikari lanpostuak betetzeko izango dira. Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, 2023ko Udal Enplegu planaren helburua da Zornotzako langabeei lan-aukerak eskaintzea. Programa horiek 233.141,18 euroko aurrekontua izango dute soldatetan eta Gizarte Segurantzatik eratorritako gastuak direla eta.

Gainera, egindako langileen hautaketan gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna mantendu da, kontratatutako pertsonetatik 6 emakumeak izan baitira eta 5 gizonak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!