Euskararekiko konpromisoa berretsi dute Zornotzako 8 kirol elkartek

Anboto 2023ko abe. 15a, 09:34

Elkarteek hizkuntzaren erabileraren diagnosia egin zuten 2021ean, eta aurten, entrenatzaileentzako formazio saioak egin dituzte.

Zornotzako Udalak eta herriko kirol klubek euskara lantzeko jardunaldia antolatuko dute urtero, eta adierazi dute elkarte gehiago batu gura dutela egitasmo horretara. Joan zen azaroaren egin zuten aurtengo topaketa, eta bertan, zazpi taldek parte hartu zuten: SD Amorebietak, Saskibaloi taldeak, Zornotza Mendi Taldeak, Ikas-txiki futbol eskolak, waterpolo taldeak, Xake klubak eta Betigolek. Ukabidea klubak ez zuen jardunaldian parte hartu, baina egitasmoaren zati da. Klubekin batera, udal ordezkariak, udal teknikariak eta ARTEZ eta EMUN enpresetako ordezkariak izan ziren.

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, topaketaren helburu nagusia "praktika onak erakustea" izan zen. Elkarte bakoitzak euskararen erabilera sustatu asmoz egindakoak partekatu zituen bertaraturikoekin. Amorebieta futbol taldea, adibidez, euskararen Erabilera Plana garatzen dabil. Saskibaloi taldeak euskara lehenesten du komunikazio lanetan eta Mendi Taldeak hizkuntza irizpideak zehaztu ditu, jarduera guztiak euskaraz antolatuta. Ikas-txikik hizkuntzaren erabilerarako dekalogoa osatu du, eta jarduera guztiak euskaraz egiten dituela azaldu du waterpolo taldeak. Xake taldeak gazteei jokoa euskaraz erakusteko lanketak egin ditu eta Betigolek Artez enpresak antolaturiko Jokatu! proiektuan parte hartu du. Azkenik, hizkuntzaren erabilerarako dekalogoa osatu du Ukabideak. 

Zornotzan 22 kirol elkarte daude, eta zortzik parte hartu dute egitasmoan. Udalak azaldu du hurrengo ekitaldiei begira egitasmoko ateak zabalik daudela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!