Zornotzako Barnetegiak doako aplikazioak sortu ditu euskara ikasteko

Anboto 2023ko abe. 5a, 11:54

Hiru app sortu dituzte: BOGA programan oinarritutako bi, A1 maila eta A2 maila trebatzeko baliagarriak direnak, eta Euskaltzaindiaren arauekin trebatzeko beste bat. Lehenengo biak bateragarriak dira Android eta iOS sistema eragileekin. Azkena, Androidekin bakarrik. Aplikazioak debalde deskargatu daitezke sakelakoetan.

Zornotzako Barnetegiak sakelakoetara helarazi du euskara doan ikasteko aukera. Hiru app sortu ditu euskara lantzen dabiltzanei laguntzeko. Aplikazioetako bi A1 maila eta A2 maila lantzen dabiltzan ikasleei begirakoak dira. Horietan 15 istorio daude. Eta istorio bakoitza 10 saio edo unitatetan banatu dute. Lanketarako baliabideen 470 bideo laburrekin osaturiko 15 istorio, 10.000 audio, 3.500 jarduera eta 700 gramatika azalpen txertatu dituzte. Horiei guztiei eskerrak, ikasleek hiztegia, gramatika, entzumena eta  irakurmena landu ahalko dituzte. Hirugarren aplikazioak Euskaltzaindiaren arauekin trebatzea ahalbidetzen du. Bertan ariketa laburrak eta zalantzarik ohikoenak jaso dituzte. Test erako ariketak antolatu dituzte arauak lantze aldera.

Boga1 eta Boga2 aplikazioak eskuragarri daude Android eta iOS sistema eragilea darabilten gailuetarako. Euskaltzaindiaren arauekin loturiko aplikazioa, aldiz, Android sistemarako baino ez dago erabilgarri. Zornotzako Barnetegiak orrialde honetan ipini du aplikazioak doan deskargatzeko aukera. Bertan, irakurleak informazio osatuagoa topatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!