"Herritarren beharrizanak asetzeari begirako aurrekontuak" onartu dituzte Zornotzan

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 24a, 08:30

Udalak 34.270.000 euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Aurtengoa baino %3,05 handiagoa, eta herrian sekula izandako handiena. 

Zornotzako udalbatzak 2024ko aurrekontuak onartu ditu goiz honetan. Miren Martiarena zinegotziak baloratu duenez, "mundu mailako ezegonkortasuna" eta "uzkurtzea" aintzat hartzen duten kontuak dira, "gizarte kohesioa, erresilientzia eta Gizarte Ekintza" lehenesten dituztenak. Ogasun arloko zinegotziak aurreratu duenez, "Enplegu Plana, auzoetako beharrizanak, eta merkataritza eta ostalaritza programak" sustatuko dituzte datorren ekitaldian. Inbertsioen atalean, berriz, Urritxe auzoa, Jauregizahar auzoa eta Astepe baserria berritzeko asmoak iragarri dituzte. Aurrekontuek EAJren eta PSE-EEren babesagaz egin dute aurrera. Alicia Hernandez zinegotzi sozialista bat etorri da Martiarena jeltzaleak aurkezturikoarekin. "Gure nagusiei, bazterkerian daudenei, lanbakoei;... horiei guztiei arreta eskaintzera derrigortuta gaude", adierazi du kontuak baloratzerakoan.

EH Bilduk, aldiz, ez ditu aurrekontuak babestu. Subiranistek proposamenaren kontra egin dute. Ander Uriarte bozeramaileak azaldu duenez, proposaturikoak "oso aldenduta" daude koalizioaren "eredu ekonomikotik". Alde horretatik, "politika sozialak" bota dituzte faltan. Esate baterako, etxez etxeko arreta sozialari dagokiona. "Gaur egun azpikontrataturik dagoen zerbitzua udalak bere gain hartzea" proposatu du Uriartek. Bestalde, herritarren osasun mentala zaintzeko bonuak kaleratzea, ingurumen arloko teknikari bat kontratatzea eta Emakumeen Etxea sortu ahal izateko azterketa bat jasotzea bota dute faltan. Elkarrekin Podemos alderdiko Alba Gutierrez ez da aretoan izan.

"Konpromisoa"

Osoko bilkura bukatuta, Ainhoa Salterain alkateak eta Koldo Bilbao, Anartz Gandiaga eta Miren Martiarena zinegotziek agerraldia egin dute prentsaurrean. Salterain alkateak azaldu duenez, "udalak bere egiten ditu herritarren beharrizanak", hori betetzeko "konpromisoa" aintzat hartuta. Koldo Bilbaok "pertsonengan" ipini du arreta, "umeen, gazteen eta oro har zaurgarriak direnen beharrizanak" aipatuta. Anartz Gandiagak "irisgarritasuna eta ingurumen arloko politikak garatzen" jarraituko dutela azaldu du, "oinezkoei begirako neurrriak eta eraginkortasun energetikoari loturikoak" aipatuta. Miren Martiarenak "funtsezkotzat" jo du zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia. "Herritarrenganako arreta behar bezala eskaintzen dela ziurtatu" gura dute.

ZENBAKI BATZUK

Honako hauek dira 2024ko udal aurrekontuek jasotzen dituzten diru partidetako batzuk:

  • Gizarte Ekintza eta Berdintasuna: 5.654.648 €
  • Kirola: 3.621.400 €
  • Haurtzaroa, gazteria eta kultura: 3.124.410 €
  • Hirigintza, obrak zerbitzuak eta ingurumena: 2.924.928 €
  • Segurtasuna: 2.251.489 €
  • Ura eta saneamendua: 2.212.600 €
  • Enplegua eta promozio ekonomikoa: 1.266.564 €
  • Urgozo kiroldegia: 1.185.000
  • Euskara: 930.012 €
  • Jauregizahar berrurbanizatzea: 700.000 euro
  • Parkeen eta lorategien mantenua: 687.900 €
  • Ortu ludikoak ipintzea: 310.000 €
  • Autokarabanentzako aparkalekua egitea: 50.000 €

Gobernu taldeko kideek agerraldia egin dute osoko bilkura bukaturikoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!