Eskaintza ahalik eta zabalena, ahalik eta euskara gehien ikasteko

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 13a, 12:39

Zornotzan euskara irakasteaz arduratzen diren eragileek (Udal Euskaltegia, AEK, Barnetegia)  zabal-zabalik dituzte ateak. Matrikulazio eskaintza zabala prestatu dute, euskara ikasketak beharrizan guztietara moldatzeko.

Zabal-zabalik dituzte ateak. Eta inoiz baino gehiago. Zornotzako Udal Euskaltegiko, AEK-ko eta Barnetegiko kideek prentsaurreko bateratua egin dute gaur, Jon Artabe euskara zinegotziagaz batera. Ikasturte berriaren abiapuntuan, matrikulazio eskaintzari buruzko xehetasun guztiak eman dituzte.

Udal Euskaltegiak berrikuntzekin indartu du bere urteroko eskaintza. Aurten, B1 mailari dagozkion ikasketak batu dizkio astean 6 orduko ikasketa eskaintzen duen ohiko programari. Era berean, Marisa Mentxakak azpimarratu du xede berezietarako ikastaroak eskainiko dituztela nagusiei, gurasoei eta etorkinei begira. Zornotzan erroldaturikoek 10 euroko matrikula baino ez dutela ordaindu beharko.

AEK-ko Alaitz Etxebarriak, "euskara hurbil" izatea ipini du norbera "urrun heltzeko" tresna modura. "Euskara aktibo lez ikustea garrantzitsua" dela gaineratu du. AEK-k aurrez aurreko saioak, autoikaskuntza, aipaturiko modalitate horien bien arteko konbinaketa eta online ikasketak jaso ditu bere eskaintzan. "Ez dago aitzakiarik", esan du Etxebarriak. AEKn izena emateko epea hilaren 28an agortuko da.

Barnetegiko Maribi Zubiagak A1etik C1era arteko aurrez aurreko ikastaroak zein telematikoak izan ditu ahotan, eta azpimarra berezia egin dio aurtengo nobedadeari: C1 maila lortu ahal izateko doako ikastaroak eskainiko dituzte 16-18 urteko gazteentzat,ditu. Horrez gainera, nazioarteko ikasleak ere aipatu ditu. Udan 30 ikasle izan dituzte, eta urtarriletik aurrera Hego Hemisferioko beste bost etorriko dira Zornotzara.

Jon Artabe euskara zinegotziak hizkuntza ikastera animatu ditu herritarrak, eta udalak euskararen normalizazioa lortzeko bidean duen konpromisoa berretsi du. Era berean, orain arte bezala, pausoak elkarrekin egitera deitu ditu euskaltegiak.

Joera aldaketa

Gaurko agerraldiak beste datu bat bistaratu du ikasketa eskaintzaz gainera. Hiru euskaltegietako kideek joera aldaketa bati buruz egin dute berba. Argi eta garbi esan dute: matrikulazioek beheranzko joera hartu dute azken urteotan. Joera aldatu ezean, "itxaropenerako zirrikitu gutxi" dagoela azaldu du Maribi Zubiagak.  "Beharbada, euskararen kontrako erasoek izango dute eraginik, baina joera lehenagotik ere bazetorren", gaineratu du. Argitu dutenez, egoera hori ez da Zornotzako herrira mugatzen, marko orokor batean, Euskal Herri osoan, igarri dute joera hori. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!