Zornotzako Udalak Kontakatilu egitasmoa ipiniko du martxan urritik aurrera. Euskal kantuen bitartez euskara lantzeko jarduera izango da, hizkuntza praktikatzeko eta herritarren euskarazko hartu emanak zabaltzeko tarte bat eskainiko duena. Jardunaldiak hilabete bakoitzeko lehenengo eguenetan egingo dituzte, 19:00etan. Hiru ordu laurdeneko saioak izango dira, eta bukatutakoan, egitasmoari segida eman ahalko zaio pintxo-pote eguna dela aprobetxatuta. Jon Artabe euskara zinegotziak zornotzarrak animatu ditu egitasmoan parte hartzera: "Ez du ardura zer euskara maila duen bakoitzak, baina euskaraz egin behar da parte hartu ahal izateko. Herritarrak animatu gura ditugu proiektu berri honetan parte hartu eta gure hizkuntza erabiliz gozatzera", adierazi du Artabek.
Kontakatilu jarduera 18 urtetik gorako zornotzarrentzat dago zabalik. Doakoa da. Eta gura duenak Euskara Zerbitzuan izango du izena emateko aukera. Inskripziorako bideak honako hauek dira. Udalaren web orriko inprimakia eta 946300002 (Euskara zerbitzua) telefonoa. Egitasmoan izena emateko epea irailaren 1ean zabaldu eta 29an zarratuko dute. Kontakatiluk urrian ekingo dio bere bideari.