Hiru atal handi horien aterkipean batu dituzte hirigintza, gizarte ekintza, kultura, kirola, euskara eta tokiko merkataritza moduko sailak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira bozketan. "Ogasuna, euskara edo berdintasuna moduko sailak batzorde bakarrean landuko dira? Arlo bateko zein besteko teknikariek batzorde guztia entzun beharko dute?", galdetu du EH Bilduko Ander Uriartek. "Alde edo kontra egiteko agurdio sendorik ez" dutela eta, abstenitu egin dira subiranistak. Gobernu taldeak, berriz, antolaketa berriak "toki administrazioaren arintasunean eta eraginkortasunean hobekuntza nabarmenak" ekarriko dituela defendatu du.
Sail bakoitzak bere arduraduna izango du. Ordezkari politiko hauek izango dira udaleko sail bakoitza kudeatzeko ardura izango dutenak:
Antolaketa
- Ogasuna, kontu-hartze ekonomikoak eta Ondarea: Miren Martiarena
- Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz parte hartze saila: Jon Artabe. Horrez gainera, Artabek idazkaritza, funtzio publiko eta gardentasun lanak ere kudeatuko ditu.
Lurraldea
- Hirigintza: Anartz Gandiaga.
- Agenda 2023: Esther Torvisco.
Herritarrak
- Kultura, Kirolak eta Segurtasuna: Koldo Bilbao.
- Gizarte Ekintza: Sonia Cabeza.
- Tokiko merkataritza eta Ostalaritza: Amaia Aurrekoetxea
LIBERAZIOAK
Zornotzako Udaleko informazio iturriek baieztatu dutenez, 2023-2027 agintaldian udalbatzako bost politikari egongo dira herritarrentzat soldatapean lanean. Lanaldi osoan jardungo dute. Gobernu taldeko lau kide (EAJko lau) eta oposizioko kide bat (EH Bildu) izango dira liberatuak. Honako hauek:
- Ainhoa Salterain (alkatea): 77.928 euroko soldata gordina urtean.
- Anartz Gandiaga (1. alkateordea eta hirigintza zinegotzia): 66.239 euro.
- Sonia Cabeza (Gizarte Ekintza, herritarrenganako arreta, komunitatea): 66.239 euro.
- Jon Artabe (Euskara, Berdintasuna, Arkalaz!, idazkaritza, gardentasuna): 66.239 euro.
- EH Bilduko ordezkari bat (zehazteke dago zein izango den. Koalizio subiranistak iragarri du dagokion liberazioa hartuko duela, baina "guztiz erabaki barik" dute zein politikari liberatu). 59.615 euro.
Bestalde, ordezkari politikoek dietak jasoko dituzte udal bilkurak direla eta. 230 euro osoko bilkura bakoitzagatik, 150 euro gobernu batzorde bakoitzagatik, 450 batzorde informatibo bakoitzagatik eta 150 bozeramaileen batzordeagatik. Horrez gainera, talde politiko bakoitzak 750 euro jasoko du hilean, eta beste 200 euro alderdi politiko bakoitzeko zinegotzi kopuruagatik. Kopuru horiek guztiak "2008tik eguneratu barik" egon direla arrazoitu du Esther Torvisco zinegotziak.
BESTE BI POSTU
Horiez gainera, konfiantzazkoak diren postu bi onartu dituzte. Behin-behineko langileak izango dira biak:
- Alkatetza kabinetean komunikazio lanak eta hartu eman publikoak kudeatzeaz arduratuko den behargina. 39.740 euro gordineko soldata jasoko du urtean.
- Herritarrekiko hartu emanetarako idazkaria. Lanaldi erdian egongo da, eta urtebeteko iraupena izango du gehienez. 33.119 euroko soldata gordina urtean.
PSE-EEko Alicia Hernández zinegotziak argitu du azken postu hau berak eskatu duela, bera ordezkatzera etorriko denarentzat. Hau da, liberazio erdi hori ez du Hernandezek hartuko; udalbatzan haren ordez sartuko denak baino. "Liberazio erdi hau nik eskatu dut, ni ordezkatzera etorriko den pertsonarentzat. Aldaketa hori edozein momentutan gerta daiteke. Ez dakit zenbat denboran egongo naizen hemen. Nire ordez etorriko dena prestatzen nabil momentu honetan. Ez dut besterik eskatu. Liberazio erdi hau baino ez. Bera arduratuko da nik egiten dudan guztia egiteaz", azaldu du Hernandezek.
Eudelen irizpideak
Soldatek eta dietek oposizioko kideen kritikak isiotu dituzte. EH Bilduko Ander Uriarte bozeramailearen iritziz, "gehiegizko lan-sariak dira". Batzordeei buruz, dietak merketzea, eta horrekin batzordeen maiztasuna areagotzea proposatu du. Esther Torvisco jeltzaleak azaldu du soldaten irizpideak Eudelek markaturikoak direla, eta horrenbestez bertan ordezkatuta dauden alderdi guztiek baliatzen dituztenak direla.