“Elkar Laguntzen elkartea praktika solidarioak gauzatzeko helburuz sortu dugu, bazterkeriari eta pobreziari aurre egiteko asmoagaz”

Anboto 2023ko eka. 19a, 09:45

Oihane Garamendi Bengoa, Javier Solaguren Uriarte eta Kontxi Bilbao López.

Oihane Garamendi Bengoa, Javier Solaguren Uriarte eta Kontxi Bilbao López Zornotzako Elkar Laguntzen elkarteko kideak dira. Besteak beste, informazioa eta arreta ematen diete pobrezia edo bazterkeria arriskuan dauden herritarrei. 

Elkar Laguntzen elkarteak, iazko udazkenean egituratu bazen ere, aurtengo otsailean ekin dio lanari. Elkartearen helburuen artean bazterkeriari eta pobreziari aurre egitea dago. Tresna nagusi bat dute horretarako: informazio puntu bat. Arreta eta informazio zerbitzua ematen diote beharrizana duenari. Beste lan ildoetariko bat gizartea sentsibilizatzea da. Elkarteak 43 kide ditu. 

Zerk bultzatuta sortu duzue Elkar Laguntzen elkartea?
Javier Solaguren Uriarte: Elkartearen sorburua Zornotzako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforman dago. Plataforma 2016an sortu zen, eta ordutik honako denbora tartean, migratzaileengana hurbildu izan garenean, hainbat herritar ezagutu dugu Atzerritartasun Legeak eraginda, erroldatu ahal izateko zailtasunekin, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatu beharrean eta etxebizitza alokatu ezinda. Hori dela eta, orain hiru urte beharrezkotzat jo genuen elkarte bat sortzea praktika solidarioak gauzatu ahal izateko. Alde horretatik, informazio puntu bat eskaini gura genien egoera horretan zeuden herritarrei. Izan ere, zerbitzu sozialek eta Lanbidek izaten duten jarrera ez zaigu proaktiboa iruditzen.

Elkartean zein ekintza antolatu duzue orain arte?
Kontxi Bilbao López: Dinamiketariko batzuk Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak hasi zituenak dira. Adibidez, Zornotzako jaietan marmitako lehiaketa erraldoia egiten da. Eta orain urte batzuk, herritar migratzaileek ekintza horretan parte hartzeko aukera izan behar zutela ikusi genuen. Harrezkero, 60 bat lagun batzen ditu gure marmitakoak. Bestalde, jatorri ezberdineko zornotzarrek egindako antzezlan bat sortu genuen iaz. Berbaldiak antolatu ditugu, zikloak.
Oihane Garamendi Bengoa: Iruditzen zait gakoa elkarlana dela. Neurri batean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari eskerrak sortu da Elkar Laguntzen. Beraz, elkarlan hori koordinatu gura dugu eragile bien artean. Eta, zelan ez, herrian egon daitezkeen gainerako mugimenduekin ere bai. Elkarte modura ibilbide laburra dugu. Apirilean sentsibilizazio kanpaina bat egin genuen, herritarrei informazio puntu bat dagoela eta bertara modu anonimo eta konfidentzialean joan daitezkeela jakinarazteko.

Zelan dago antolatuta informazio puntu hori?
O.G.B.: Zornotzako elkarte bat garenez gero, Zelaieta zentroan gela bat izaten dugu erreserbatuta. Gela horretan hartzen ditugu beharrizana duten herritarrak. Bulego bat balitz lez, hitzordua eskatuta hartzen ditugu. Zapatuetan han egoten gara, 10:00etatik 12:00etara. Gugaz hartu-emanetan ipintzeko eta hitzordua eskatzeko, 627 129 067 telefonoa eta elkarlaguntzen@gmail.com helbide elektronikoa ditugu.  

Zenbat herritar hartu duzue informazio puntuan?
O.G.B.: Informazio puntua martxan ipini genuenetik bederatzi herritar etorri dira. Hartu-eman presentziala izan dugu haiekin. Bakoitzagaz bi-hiru bider batu  gara. Etorri diren gehienak emakumeak izan dira, eta ia guztiak prozesu migratorio batetik datozenak edo prozesu batean murgilduta daudenak dira. Horrez gainera, beharrizana duten beste 20 bat bizilagunegaz egin ditugu hartu-emanak. Bestalde, badira hemengoak izan eta laguntza eske etorri diren zornotzarrak ere. 

Zeintzuk dira migratzaileek aipatzen dizkizueten arazorik komunenak? Zer diotsue?
J.S.U.: Kexu dira. Lanbiden eta zerbitzu sozialetan gehiegizko burokrazia dagoela dioskue. Egundoko dokumentazio kopurua eskatzen diete, eta hainbat bider ibili behar izaten dute atzera eta aurrera. Susmopean baleude lez sentitzen dira, eta gauzak erraztu beharrean, trabak dituztela dioskue. Gero badago beste ñabardura bat. Orokorrean, jasotzen duten tratua desberdina da bakarrik badoaz edo baten batek lagunduta badoaz. Bakarrik badoaz, mespretxua jaso ohi dute.
O.G.B.: Antzematen dugun beste puntu bat zaurgarritasuna da. Muga ekonomikoak ezartzen dien zaurgarritasuna batetik, eta zaurgarritasun emozionala bestetik. Instituzio batera laguntza eske joan behar horrek ezartzen dien zama, hain zuzen ere. Kasu askotan, laguntza horiek ez dira heltzen, edo berandu heltzen dira. Batetik bestera ibili behar izaten dute, bulego batetik bestera, haien lanorduetan askotan, bizi proiektua garatu ezinda. Eta horrek itxaropena higatzea dakarkie. 

Nondik hasi gaitezke gauzak aldatzen?
O.G.B.: Iruditzen zait eragile guztien arteko koordinazioa bultzatu behar dugula. Hau da, zerbitzu profesionalen eta elkarteen, mugimenduen arteko koordinazioa. Alde horretatik, alde guztien arteko engranaje lana egin dezake Elkar Laguntzenek. Elkarteek eta instituzioek modu bateratuan lan egin beharko lukete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!