Udal eta foru hauteskundeak

[ARGAZKI GALERIA] Ainhoa Salterain Zornotzako alkate izendatu dute PSE-EEren babesagaz

Anboto 2023ko eka. 17a, 13:41

Ainhoa Salterainek Andoni Agirrebeitia alderdikidearen eskutik jaso du aginte makila.

Ainhoa Salterainek (EAJ) alkate kargua hartu du Zornotzan hurrengo lau urteetarako. PSE-EEko Alicia Hernandezen botoari esker jeltzaleek agintean jarraituko dute. Andoni Agirrebeitia alderdikideak aginte makila eman dio Salteraini. Alkate izendatu berriak azaldu duenez, "zintzotasunez eta partaidetzagaz lan egiteko konpromisoa" hartu du. Pertsonak helburu dituen jarduna martxan ipiniko dutela azaldu du Salteraiek kargua hartzerakoan: "Gu humanistak gara. Pertsonen alde eta pertsonentzat lan egiten dugu, eta batez ere bizitzan zailatsun gehien dituztenentzat. Inor atzean utziko ez duena. Garapen jasangarriagaz konprometituta, 2020-2030 Agendagaz".

Ander Uriarte EH Bilduko zinegotziak ere berba hartu du. "Gure oposizioa egiteko ereduak ondorengo ezaugarri hauek izango ditu. Oposizio arduratsua izango da, herriaren ordezkariak garelako. Oposizio fiskalizatzailea ere izango gara herritarrak eta herritarren baliabideak zaindu behar ditugulako. Bestalde, oposizio eraikitzaile bat izango gara hartzen duguna baino herri hobeago bat utzi nahi dugulako".

Alicia Hernandez sozialistak  adierazi duenez, "udal politikagintza eguneroko politika da, posible egiten duena gure herriko beharrizan guztiak ezagutzea herritarren bidez. Zornotzako sozialistok beti lan egin dugu herritarron bizitza hobetzeko. Erdigunean pertsonak ditugu. Gizarte justuago, inklusiboago eta kohesionatuago bat eraiki nahi dugu".

Alba Gutierrez Elkarrekin Podemoseko kideak ere hitza hartu du: "Gure herrian jende askok benetako zailtasunak pairatzen ditu egunerokotasunari aurre egiteko. Korporazio honek familia horietara heltzea izan behar du helburu nagusi. Ezberdinatsun politikoen gainetik, gure taldea zornotzarron ongizatea bermatzen duten politiketan egongo da eta hor aurkituko gaituzue eta oposizioa era zentzudunean aurrera ateratzea nahi dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!