Udal eta foru hauteskundeak

Ainhoa Salterain: "Zornotzak bizitzeko herririk onena izaten jarraitu dezan lan egingo dut"

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 22a, 21:20

EAJk hauteskunde kanpainako mitina egin du arratsalde honetan Zornotzan. Ainhoa Salterain alkategaia, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusi izateko hautagaia eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea egon dira ekitaldian.

Ainhoa Salterainek azaldu du "proiektuak sortzen" jarraitu gura duela Zornotzak "bizitzeko herririk onena izaten jarraitu dezan". "Herritarren ongizatea hobetzeko" lan egingo duela iragarri du, eta 10 proiektutan banatu du bere taldearen eskaintza politikoa. Jarduera nagusienen artean, honako hau: Nafarroa Zentroa "era integralean berritu" gura du, "familiak eta adinekoak" laguntzeko. Era berean, Karmen kalearen zati bat, Udaltzaingoaren aurrealdea, oinezkoentzat egokitu gura du, "Zornotza bidegurutze bat baino askoz gehiago delako". Bestalde, Urgozo kiroldegia eta Kirolganeko proiektuak bukatu egingo dituela eta Zelaieta parkearen azpialdeko aparkalekuan txandakakoak izango diren 150 aparkaleku ipiniko dituela iragarri du. 

Ekitaldian zehar, Salterainek ondoan izan ditu Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko hautagaia eta Itxaso Atutxa, EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea. Etxanobek esan du Foru Aldunditik "Zornotzaren alde" egingo duela. Frantziako Tourra ipini du adibide modura. "Tourra ez da zerutik etorri. Antolatzaileek badakide hemen ikuskizuna egongo dela. Konfiantza izan da haiek hona etortzeko gakoa. Baina hau ez da Tourrarekin bakarrik gertatzen. Enpresekin ere halantxik da. Bizkaiak, Euskadik, konfiantza eskaintzen dute. Izenak aldatu arren, gure kudeaketa ereduak aurrera jarraituko du", esan du.

"Eredu bat ala bestea"

Itxaso Atutxak ere "EAJren eredua" izan du ahotan, "egonkortasuna" eta "konfiantza", eskaintzen dituen eredua, bere berbetan. Domekako hauteskundeei buruz "eredu bat ala bestea" aukeratu behar dela iritzi dio: "Zornotzaren ondoko herrian Garrastatxu eredua egon da lau urtean. Hemen Andoni [Agirrebeitia] eredua dago, Ainhoa [Salterain]  eredua dago. Ez dakit zuek; nik behintzat argi dut zein eredu aukeratu, aurrera ez bagoaz, atzera egiteko arriskua dagoelako", adierazi du Atutxak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!