Udal eta foru hauteskundeak

EAJk bidegorri sarea osatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du

Anboto 2023ko mai. 18a, 13:51

EAJko ordezkariak bizipistaren ondoan, Zornotzan.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusirako hautagaiak adierazi du bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzen jarraituko dutela.

EAJk ekitaldia egin zuen eguenean Zornotzan, bizipista berriaren ondoan. Etorkizun iraunkorrago baterako trantsizioan, mugikortasuna "elementu zentrala" dela eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzen jarraituko dutela azaldu zuen Elixabete Etxanobek, EAJren ahaldun nagusi izateko hautagaiak. Ildo horretatik gauzatuko dituzte proiektuen berri ere eman zuen: Amorebieta-Larrabetzu-Txorierri bizipistan beste bi zati eraikiko dira, 7,9 kilometroko luzerarekin eta 20,6 milioi euroko inbertsioarekin; Itsasadarreko bulebarra, Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxon bizi diren milioi erdi biztanleen bizi-kalitatea "hobetuko" duena; 'All Iron' zubia, txirrindularientzako eta oinezkoentzako zubi mugikorra, Erandion eta Barakaldon itsasadarraren bi ertzak lotuko dituena; El Villar-Mamariaga bidegorria, Santurtzin; Bolueta-Etxebarri-Basauri bidegorria, eta, Alonsotegiko eta Etxebarria-Markinako bidegorriak.

Zornotza eta Iurretarako proiektuak

Ondoren, Ainhoa Salterain Zornotzako alkategaiak Zornotzarako dituzten proiektuak zerrendatu zituen. Esaterako, Urritxe eta Jauregizar inguruak "birmoldatuko" dituzte oinezkoentzako hiri espazioen balioa "handitu" gura dutelako. Horrez gainera, Astepe inguruan, errekaren ondotik joango den pasealekua egingo dute eta handik gertu udal ortuak egingo dituzte, besteak beste.

Bestalde, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkategaiak aurreratu zuenez, Santa Apoloniako bidegorria Arandia eta Berezi inguruagaz lotuko dute, Akiñenan espaloiak eta errepide gaineko oinezko pasabidea egingo dituzte, eta, Iturburu eta Goiuriko espaloi-bidegorria Landakogaz lotuko dute, sasoi bateko Deabruaren Zubia zegoen ingurura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!