Zornotzako EAJk datozen lau urteetan landu gura duen ibilbide orria aurkeztu du. Frantziako Tourreko etapa baten antzera, Ainhoa Salterain hautagaiak auzo bakoitzean egin gura dituzten jarduerak zeintzuk diren argitu ditu. Batetik, herriko kale nagusietako bat, Karmen kalea, berritzeko nahia agertu dute. Hain zuzen ere, kalea oinezkoentzako egokitu gura dute, honek "bidegurutze izateari" utz diezaion. Urritxe eta Jauregizahar auzoetan ere, beste horrenbeste. EAJk auzook berritu gura ditu oinezkoentzako espaloiak zabalduta, berdeguneak ipinita eta argiteria hobetuta. Berdeguneen artean El Carmelo ikastetxeko parkea aipatu dute. Parkea herritar guztientzako zabaltzea gura dute jeltzaleek. Astepen berriz, ibai-pasealekua eta hiri-ortuak egin gura dituzte.
Adinekoei buruz eta familia eredu berriei buruz ere berba egin du Salterainek. Nafarroa Zentroa "plan integral batekin berritzea" gura dute, "inor ez dadin atzean geratu". Zentroa adineko herritarren sektorean egon daitekeen bakardadeari aurre egiteko eta familia eredu berriek izan ditzaketen erronkei aurre egiteko prestatu gura dute. Kirolari loturiko arloan, berriz, Ganeko igerilekuak eta Larreako kiroldegia handitzea proposatu du EAJk. Betarraganen, Urgozo kiroldegia egiteko proiektua garatuko duela ere aurreratu du.
Hiru ardatz
Salterainek hiru ardatz nagusitan oinarritu gura du bere gobernatze eskaintza. Arkalaz herrigintzan bat! programaren antzera, herritarrekin eta herriko eragileekin batera gobernatu gura du. "Herritarren eskaerekin konprometituta egin gura dut lan, gobernazio partekatu horretan sinesten dut", azaldu du. Beste ardatzetako bat feminismoa da. "Pertsonengan eta emakumeen gaitasunengan sinesten dut. Gauzak beste era batera kudeatzen ditugun ustea daukat. Ekintzek izaera markatu feminista bat izango dute", esan du. Hirugarren eta azken ardatza "balioak" erabiltzea direla gaineratu du. Euskara gehiago erabiltzeko, eta kultura zaintzeko borondatea agertu du.