Hiru alderdiek hainbat adibide ipini dute "jabetze" hori azaltzeko. EAJk Zubipunte, Zubizabala eta Zubikurtze lotzeko proposatu duen pasabidea da euretako bat. EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Amorebietak diote proposamen hori "hainbat lan-gunetara" eraman izan dutela "azken bi legegintzaldietan", eta gobernu-taldeak "sistematikoki baztertu" izan duela. Orain, EAJk proposamen hori "berea balitz bezala" aurkezten duela kritikatu dute. Zelaietako txintxaunak estaltzeko proiektuarekin ere "berdina" gertatu dela diote. "Proposamen hori behin eta berriz errepikatu da aurrekontu parte hartzaileetan, baina bideraezintzat jo izan dute garajeen uholde arriskuagatik", adierazi dute hiru alderdiek ohar berean.
Bestalde, "udaletxean lizitatutako proiektuen argazkiak eta infografiak bere propaganda politikorako erabiltzea" leporatu diote EAJri. EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Amorebietak zornotzar guztienak diren baliabideen "kudeaketa arduratsua" egitea eskatu dute.